Hiri-zerdi
Jean Louis Caussade
Hiriko argi faltsuen azpi, gure itzalak itzali.
Haur alki bat, espaloian, uzkaili.
Gaueko zoko guziak, giza azal zikinetaz trabatuak.
Gau gordeko pentsamenak, nere mihise barreatuetan etzanak
nerabilan karrika aments txar baten menean,
urtxo hila zangartuz, urean dirdiretan zautala eguneko
uspela.
Behatzen zenidan goratik, ahultasunaren podereaz,
zure begiak uste zuen, itxuraren gibelean
ez nuela ikusten...
Behako itzuli mingarri ugarien artean,
harririk ez dela hozitzen, baizik eta ilortzen.
Hitza sobera kalakaria da eta ixiltasunak ardura erran nahi du
bakartasuna.
Ni zuekin nintzen, ibilki, nere bide hutsean
kilometroak egiten nituela, hiri, gogor, usaindu huntan.
Banakien askatasun zaindu batean bizi nintzela;
kartzela leihotik, ikusten dut meteorita bat hiltzen.
Urrezko gizonak, untsa zaindu behar zenituzten,
bakean beiratu haientzat egina zen hiria;
nere oinak zilatu ziren eta odolez gudroia tindatu
nere behatzak errebidean sartu zauztan,
eta betileak sagar mateletan titakatu,
lepoko zainak larrua kizkurtuz, beldurrak sabela moztu;
iluna eta garratoiak gozatzen hasi ziren;
nere gibelean mintzo beltz bat, arrano jauntziz beztitu,
nabela bat bizkar hezurrean sartu.