inprimatu
Dagoeneko gaua da...
Izenburua:
Dagoeneko gaua da...
Sinadura:
Gotzone Sestorain
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sestorain, Gotzone

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
11.zk.
Orrialdea:
37

Dagoeneko gaua da...

 

Gotzone Sestorain

 

 Dagoeneko gaua da.

 Lanetik etxeruntzean

 Donostiako kale eta espaloi bustiak

 zeharkatzen ditudanean

 nere buru gainetik

 koloretako argizariak

 pinu eta gorosti argitsuak

 zaldiz bultzatu gurditxo estatikoak

 kapadun zaldunak ahairean kolunpiatzen

 ikus ditzaket.

 Eskaparateetan zoriona ere salgai,

 ez dakit zeren truke baino,

 eta farolaz farola megafonoak zintzilik

 kantu hipokritez oinezkoaren bakardadea

 eta leizea zuritu nahian,

 eta iragarki, presiosoak

 erosle zintzoaren patrikara eskuak luzatuz.

 

 Zein mundu gezurtia!

 Bapatean begiak biraka hasten zaizkit

 eta ehundoko goragalea sentitzen dut.

 Panpin nazkagarriok, arraultz ustelok!

 Zuen zetazko soineko meheak, larruzko berokiak,

 estopazko agatsa eta gomazko gorputzak

 begietatik dagizuen likits berdez

 barnizatuak dituzue.

 Oriako likitsa eta kiratsa zarete.

 


inprimatu