inprimatu
Ez, ez diat ezagutzen hire izenik...
Izenburua:
Ez, ez diat ezagutzen hire izenik...
Sinadura:
Gotzone Sestorain
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sestorain, Gotzone

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
9.zk.
Orrialdea:
15

Ez, ez diat ezagutzen hire izenik...

 

Gotzone Sestorain

 

 Ez, ez diat ezagutzen hire izenik

 ez zitzaidak axola, ordea;

 haizeak orrazatzen dizkian

 limoizko zipriztinak printzaturiko

 galburu urrestatupean

 eguzkiak urnaturiko kafe larrua

 itsas bihurriaren bi tanta urdinek

 hildokaturik dukena,

 kalatxorien hego handiosa bezain

 betsein basatiak ezkutatzen zizkiatelarik.

 

 Ez, ez diat ezagutzen hire izenik

 baina, ene haur hori, nik

 bazekiat

 begi izu horiek

 maixurik, etxerik; mugarik

 gabeko hegazti harrapakariak ditukela;

 bizitza giltzarri bakarra izanik

 laban zorrotzak bailiren

 zenbat aldiz ozkatu dituzue

 artalde domatuon panpinak?

 

 Eta aho erdi irekiatik

 amorruaren uhin apartsuak

 haur ezpainen purpura hautsiz.

 jaio berri hintzanean amatxori

 diti unhatuetatik

 egotziriko esne zigortua duk,

 munduarekiko erdeinu zekenena

 nahirik.

 

 Erdeinua erakutsiz,

 egunez egun xurgaturiko gezal ozpindua

 hire masail erne eta gaitzetsiko

 zeinu bakoitzean marratzen zaikena,

 agian ez duk izenik ere.

 

 Eta nere jakineztasunean,

 hire anonimatuan,

 maite haut,

 maite haut, bai,

 oraindik, mehatxupean

 oihan arteko urjauzi orbaingabearen

 hauskortasunean

 kristal ameslari eta kantarietariko

 bat haizena.

 


inprimatu