inprimatu
Harresien zirrikitu ikustezinetatik...
Izenburua:
Harresien zirrikitu ikustezinetatik...
Sinadura:
Gotzone Sestorain
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sestorain, Gotzone

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
9.zk.
Orrialdea:
13

Harresien zirrikitu ikustezinetatik...

 

Gotzone Sestorain

 

 Harresien zirrikitu ikustezinetatik

 ihes egiten duten mumurioak

 oinazez ezkuturiko hire ahots ezkutuak dituk

 hasperen etsituak

 etsipenez ahultzen doazen zotinak.

 Ahur ttipi honen epeltasunean

 arinduko niake

 hire zama luzearen nekea

 nere begietako izkirietan

 ezezagun haizen arren.

 Etenik gabe laztanduz

 nere ahoaren lurrun irakimarekin

 hire soaren gezi izoztuak

 ur urdinetan urtu nahi dizkiat,

 monolito borobilaren gandak

 mendi muinetako elur amultsua

 itxaropen erreka zaratatsuetan lez.

 Urrutian hagoela diok

 intxaur azala barruan estuturik

 ito arteino estuturiko mendu ukatua,

 itxaroz

 usteltzeko zorian izanik ere

 beti itxaropen.

 Eta nik

 itxarote hutsal hori arakiz

 bada ere estali nahian

 hire gogoak hainbat aldiz

 igurtziriko paradizotik,

 agian inoiz iritsiko ez zaiken

 kantauri mamu zaharraren

 uhin haserreak xeheturiko

 hondar espalixo hau,

 edo mendi ilunak zeharkatzen dituen

 kotoizko apar geldo eta sorgorra,

 nahiz, zergatik ez,

 langar biziak maitatu

 purpurazko arroxaren lurrin umeltsoa

 bidaltzen diat,

 bidaltzen dizkiat bai,

 bakardade larrienean urkaturiko

 hire ezpainen eta bihotzeko ahortzearen

 bustigarri daitezen.

 


inprimatu