inprimatu
Nigar egiten dut zutaz
Izenburua:
Nigar egiten dut zutaz
Sinadura:
Etienne Salaberri
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Salaberry, Etienne

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
2

Nigar egiten dut zutaz

 

Etienne Salaberri

 

 Nehor ez baita zutaz orhoitzen,

 Nehor ez baita zutaz urrikaltzen,

 baitzira, iduri piltzar, bazterrerat utzia,

 lehengo lehengoen orhoitzapen, bide, irringarri bitzia,

 trufatua,

 ostikatua,

 zangopilatua,

 bai Ipar aldetik,

 bai Hego gunetik,

 koropiloak ongi tinkatzeko galdegiten baititu biga,

 estekan emana, eta estegailua, indarra indartei, ezin higa...

 hala eramaiten dute zamari basa merkaturat, soka labur,

 heia odolean kexua ez zaionetz iratzartuko beldur,

 

 aberatsek, ikusi orduko dirdir urhea, uzten baitzituzte

 bazterrerat,

 berdin egin zukeen ohi Judasek Jesus Jaunaren alderat;

 

 erromesak baitoatzi bizi hobearen bilha, norat nahi

 lasterka,

 atsegabetik atsegaberat, mando ederretik asto txarrerat,

 asto txarretik lur idorrerat eroriko baitira,

 zorigaitzez, trumilka,

 

 baitira etxeak suntsitu,

 irrintzinak gauaz ixildu,

 ez baitio haurrak, hastearekin xoxoak hixtuz, emanen beharri,

 ez eta xaharrak, dena keinu trebe, musean hasiko sarri,

 jantzatik geldituko baita banderaren hegala,

 abarrez abar eiharturik eroriko baita mendiko errege arbola,

 

 nigar egiten dut zutaz, Eskual Herria:

 

 ene haur bihotzaren gainean dorpe dago zure hil harria...

 

 Bainan ez, lagunak,

 bainan ez, haurrideak,

 ez izan ahalge,

 ez izan herabe

 

 ithoko du gaua iguzkiak,

 

 hostatuko dira zazpi erroz lotu Eskualdun mende berriak.

 


inprimatu