inprimatu
Lo egiten ari zen lasaiki
Izenburua:
Lo egiten ari zen lasaiki
Sinadura:
Joakin Balentzia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Balentzia, Joakin

Argitalpena:
Korrok.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
6.zk.
Orrialdea:
65

Lo egiten ari zen lasaiki

 

Joakin Balentzia

 

       Lo egiten ari zen lasaiki

 besaulkian jarria, su suntsigarria

 onuragarri agertzen zen bitartean.

 Burua makurturik zela adatsak estaltzen zituen

 bere bular biluziak,

 irudi zentsuratu eta iradokor batean.

 

       Baina biluzik zegoen egiazkiro

 arratsalde hartan?

 Niretzat bai, askotan bezala,

 jantziek bere larru eztia tapatzen bazuten ere.

 

       Ibiltarizko oinak ziren, grazia berezirik gabe,

 bide luzeak neurtzeko eginak.

 Bere behatzen artean babesa aurkitu zutela

 hondar latzak eta hauts umilak

 susmatzen dut

 zorionez inoiz idatziko ez diren istorioak

 kontatzeko.

 

       Bere iztartekoa haragizko eta itzalezko

 marra bat zen

 denborale zirinak itsaso familiar, xume eta

 otzanetan igartzeko moldatua.

 

       Sutan zartaka zegoen egurra

 neguaren testigua zen;

 honek, kanpoan, kolpatzen zituen etxeko kristalak.

 

 Eskena osotzen zen ez zegoen piano batekin;

 bere notak geratu ziren grabatuak

 kasettean, oroitze uher,

 lore hautsiak bezala urazko koloniaren forma hartzeko.

 

 Lizunak ziren nire asmoak, atseginez landuak;

 haragizko eta itzalezko marra zabaltzen zen

 ni besarkatu eta poseditu arte,

 oihu basati eta zorion batez

 loak uzten zuen bitartean.

 

 


inprimatu