inprimatu
William B. Yeats euskaraz edo Eireann zaharrera bidaia
Izenburua:
William B. Yeats euskaraz edo Eireann zaharrera bidaia
Sinadura:
J. Lartategi / W. B. Yeats
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Yeats, William Butler

Argitalpena:
Enseiucarrean.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
9.zk.
Orrialdea:
187-194

William B. Yeats euskaraz edo Eireann zaharrera bidaia

 

Josu Lartategi

 

 0. Hiru itzulpen apokrifori sarrera

 

                                 Eta ene inguruko zuhaitzok,

                                 Eihar daitezela eta desostatu; haitzok

                                 Etengabeko tirainetan arranguratu; eta ene

 gibelean

                                 Oro bihur ezazu desolazio. Begitu, begitu,

 neskatxok!

                                               (Beaumont & Fletcher, The Maid's

 Tragedy, 11,2.)

 

 Lagunmin batek diostanez, gure bizitzaren pasarterik eta misteriotsuenak egundo

 ere ez genituzke publiko egin behar. Misterio handiek misterio izaten jarraitu

 behar dutela, honixe da ene lagun min horrek dioena. Seguruenik, ez dabil oker.

 Nik, baina, lau haizetara zabaldu beharrean aurkitzen naizela uste dut, zer

 zabaldu eta 1992ko uda partean izkiriatzen ari den honi irlandar lurretan

 jazotakoa. Badakit, ondo jakin ere, irakurleetariko asko, gehientsuenak apika,

 paktu literariotan pentsatzen hasiak direla honez gero; halabaina, eta ez nuke

 honetan irakurlea larregi nekatu gura, hemen kondatuko dudan oro hamabost

 urteko neska baten ametsa bezain benetakoa da. Hortaz, sinistu dezala nahi

 duenak.

         Suposatzen dut Sligo-n hasi zela dena, ene lagunak Drumcliff-eko

 hilerrira, Ben Bulben izeneko mendi haren magalera joan zirenean. Hilabete bat

 lehenago Irlandara bidaiatzea proposatu eta nik, pozarren, baietza eman

 nienean, ez nukeen ezta asagotik ere asmatuko egun hartan gertatuko zena.

         Ene lagunen asmoa Irlandara bidaiatzea zen, bai; bidaia literarioa ere

 eginda bide batez. Dublinen, adibidez, goitik behera korritu nahi zituzten

 karrika hezeak oro, plano barik, galdu arte, bai eta ere Leopold Bloom

 sonatuaren pausuei jarraitu. Ene burua imajinatzen nuen, noragabean, Ulyssesen

 ale bana eskuetan —ene argitaraldian ale zein baino zein lodiago bi bait dira—,

 eta ezin imajina jasan. Hala esan nien beraz; haiek, berriz, uste baino hobeto

 hartu. Orain kondatzeak merezi ez duen beste gauza zenbaitzurekin batean, Yeats

 poetaren nolabaiteko ibilbidea markatu eta arakatu asmo zuten baita, bizi

 izandako tokiak, lorratza utzitako bazterrak, ehortzirik datzan hilobia... eta

 antzeko hainbat lekutara agerraldiak eginez. Nik, definitiboki, ezetz borobila

 bota nien, eskubidea zeukatela noski egin gogo zutena egiteko, baina ez arren

 nirekin kontatzeko, eta haiek halakoak egiten zituzten bitartean ni nire kabuz

 ibiliko nintzela ene uste ez hain umilean bidaia literarioak tintazko

 geografietan egin behar zirelako, autoreen beraien liburuetan barrena, alegia.

 Akabuko auzi honetan ezelango adostasun puntutara heltzea ezinezko izan zenez,

 gaia atzera ez ikutzea erabaki genuen haiek beren osteratxo literarioak egin

 arau nik nireak egingo nituen.

         Egun hartan lagunek Ben Bulben-erantza alde egin eta, nik tren zahar

 eta turistiko xamar horietariko bat hartu nuen. Jakina da haien gonbidapena

 ukatu nuela ez bait neukan gogorik batere gizon baten hezurrak ikusteko gizon

 hori nobel sariduna izanik ere. Hitz egiteko modu bat zen, noski, baina kontua

 da hala jokatu nuela, harrotsu agian, ez dakit. Bada, nire asmoa Sligo-tik hur

 omen zegoen kostaldeko naturgune ezagun batera trenez joatea zen, eguneko

 egurastua hartzen, iluntze partera berriz bueltatzeko

         Ez dakit zer gertatu zen. Kilian Bedford antropologo galestarraren The

 Transmigration of Soul in Ancient Celt's Society saiakera amaitzear neukan eta

 hain nengoen sartuta irakurketa burtzoragarri hartan, non nengoen ere ez

 nekiela, ibilbidearen zein puntutan esan nahi dut. Leihotik so egin eta landa

 zabalak baino ez nituen ikusten, bai eta lantzean behin dorretxeren bat edo

 beste ere, zut muinoetan. Galdurik nengokeelako dartadak sano erakartzen

 ninduen arren, azkenik, tren ikustaileari galdetzea erabaki nuen, eskuartean

 neukan mapan gaingiroki kokatzeko baino ez bazen ere. Tren ikustaileari galdetu

 eta, halatan, jaitsi behar nintzeneko geltokia pasatua zela jakin nuen. Soilik

 pare bat geltokiko aldea zenez, bere gomendioa hurrengoan paratu eta trenaren

 zain lotzea zela jakin erazi zidan. Arazo bakar bat zegoen, tren orduak

 urritxoak zirela trenbidean hondatutako ez-dakit-zer zela kausa, eta bost bat

 ordu itxaron beharko nuela herrixka hartan, bestaldetik hagitz interesgarria

 zena eta ikusteko gauza ugari zeukana, ni eraitsi aitzin ikustaileak ingeles

 ulergaitz baten jaurtiki zizkidan azkenengo berbak hona ekarriaz

         Hankak geltokiko baldosa beilegietan luzatuaz bat, begizabalka jabetu

 nintzen herriaren izenaz: Innisfree. Lur eta zur eginda, zinez aztoraturik

 itsumustuan imajina anitz zurrunbildu zitzaizkidan burmuinean, ene memoria

 ahuleko txokoren batetik jalgita guztiak. Unekada bitxixea izan zen hura

 niretzat. Hantxe zeuden William Butler Yeats poeta, hantxe John Ford eta José

 Luis Guerín zinegileak, hantxe, begirada zatar bihotza kraskakor, Wayne

 boxealari yankia eta O'Hara bere maite ilegorria amodio besarkada baten

 elkarturik, hantxe Bill Douglas musikariaren Lake Isle of Innisfree kantaren

 oroimena.

         Ez dut gogoan zenbat denbora lotu nintzen han, memeloturik lez, sinistu

 ezinean. Literatura, zeluloide eta musikazko lausoa polikiño desagertzen hasi

 eta errealitatea esaten zaion hori nigana parajetu zenean itaunka bihurtu

 nintzaion ene buruari: egiazkoa da, beraz, Innisfree? ez al zen Yeats-en

 asmakizun literarioa? ez, Ford eta Guerín-ek kreazio eta birkreazio

 erreferentzialaren izenean egindako jokoa? amarru publizitario hutsa ote?

         Nolanahi ere den, eta hastapeneko zorabioa nahikoa iraganda, herria

 baino lauzpabost etxeren bilketa zen haren miatzera deliberatu nuen. Xiberuko

 Muskildi ekarri zidan gomutara lehen begi kolpean, Muskildi lau eta are

 goroldiotsuago bat. Zentzuak zorroztu arau Euskal Herrikoa ez zen sentsazio...

 ez, sentsazio baino usaina bereizi nuen, Irlandako bazter berde horrek

 garagardo beltzaren usain sarkorra bait zeukan. Herritxoan eman nuen denbora

 aurrerantzean barne muinetan iltzaturik izango badut, pinten garagardo bitsaz

 gain dudarik ez kantoi orotan taigabe entzun zitezkeen aingeruzko doinu,

 akordeengatik izango dela. Cantilena diskakoak ziren. Ezagun nituen kanta

 guztiak. Bozgailu bi zeuden, bata Flaherty's taberna gainean eta bestea

 okindegi bakarreko hegalean. Azken honetatik arineketan irtendako andreak, nire

 babotu arpegiak eraginda hurrean, hitz bitan azaldu zidan musika abisu emateko

 zela, filma hastean zegoelako inguruko etxalde zahar hustu baten. Zein filmaz

 ari zen ez zidan esan, hain zegoen emakumea artega paraturik, baina bai nahi

 izanez gero berari jarraitzeko, arazorik ez zegoen eta kanpotarrek ere ikus

 zezaten.

         Damu dut, irakurle eroapentsu hori. Baina, hemendik aurrera ene

 oroitzapenak, pilatuaren pilatuaz, koherentziaren bidezidorretik aldentzen

 dira, ez nik hala nahi dudalako, ez bada zine areto inprobisaturiko etxalde

 handigaitz hartan abiantzadan sartu nintzenez geroztik gertakizunak urjauzi

 itzel bihurtu zinelako.

         Lerro ziztrin hauek baino bestelako komentarioa merezi duen J.L.

 Guerín-en Innisfree filma —kilikagarria, erantsiko nioke, hortera deitzen baina

 ene ustez ele polit askoak ditugunen gaineko juzkuek nire senetik aise aterako

 ez banindute— pantailaratu zuten, eta irteeran, amaitu eta behingoan, guztioi

 eman ziguten panfletotxo bat larrosa gorri batez atondua, bezuzatxoa irudi.

 Haiek eskuzabalki eskaini eta nik, jakina, poz baten koiu. Hamar bat

 orrialdetan W. B. Yeats-en The Lake Isle of Innisfree poemaren beste

 horrenbeste itzulpen zeuden, harietariko bat euskaraz.

         Horixe izan zen nire aurrenengo aurkikuntza.

         Honen guzti honen ondorik imajinak tartekatuta baino ezin ditut agertu,

 lurrunezko lauso aldi batek iragaziak bailiran. Trenaren txirrin hotsa

 arratsalde apalean jada. Landa zabalak eta gaztelu garaiak atzera ere

 pintzeladetan. Sligoko tren geltokia eta jendartearen bultzakadak. Gero Coole

 Park deituriko tokiren baten lorategiak, beren presentziak, izpiritu

 ikustezinak, eta bertako urmaelean zisne basatien ahotik bigarren aurkikuntza

 misteriotsuki jaso, eta nik astean tintaratu. Hirugarren aurkikuntza bat ere

 egongo zen, gauerdian, eta hau estrainioena duda izpirik gabe, ene burua

 Dublin-en bait nekusan, Byzantium taberna itzaltsuan. Imajina lausotu,

 kiribilatuak. Imajina gorri infernu hagitzez gorriagotatik txarrapatuak.

 Imajina multikoloreak ere bai. Artez, halere, belzturak nagusitzenago. Eta

 atsoaren kanta, kanta mehatxugarria, eta segidan dorre beltz infinitoa, eta

 dorre beltzetik behera haizea arnaska, kantarekin berarekin nahaspilatuz. Eta

 nik kanta beltza transkribatu. Imajina gehiago tropelean. Berriro trenez

 karrakan eta berriro banda zabalak eta Sligo eta parajetsu Ben Bulben. Gero ene

 lagunen buru iletsuak niri beha, ostatuko gure gela freskoan, non arraio

 harrapatu nuen kolokoia galdezka. Akabuan ohe gogor luzea eta iluntasuna.

 

 Behineuskarazko hiru itzulpen apokrifooi ahal izan dudan modurik onenean

 sarreratxoa egin eta, noan agudo azken oharra paratzera, nik baino ezin ikus

 dezakedan kotoizko gela karratu eta itxi honetan zer esploratu asko dago eta.

         Bada, edozein motatako oker estilistiko, gramatika aldetiko hankasartze

 larri edota sinpleki desoreka psikotikoak erruz topatuz gero ez dezala inork

 pentsa, itzulpenok irakurrita, Yeats-en esku errimearen hobenez suerta

 litezkeenik. Halakorik gerta baledi, jakin erazi beharrean nengoke ni

 desnorabidetu hau nindukezuela errudun bakarra.

         Goiko aitzaki zuhur eta diplomatikoaren bidez aitor dut ene burua

 zuritu nahi dudala, horren beharrik ez izanik ere, bizitza betirako —eta

 zorionez, esan behar— markatu zidan egun hartako transkribatzaile umila baino

 ez naiz izan eta. Kontxo!! Hara non datorren, pasabide buzetik honuntza, ene

 erizain partikularra! Egunean eguneango ene ero... barka, desorekatuxe papera

 zintzoki bete behar dut orain: indar-jaka bitxi hau gogorki birlotu, sinistu

 dezaten haiek laga bezala dagoela oraindik, eta irrifarrerik eta alaiena zabal

 zabal eskaini. Inork deskubri ez zaitzan kontuz ibili beharra daukazu hemen

 gainena, ez pentsa, ene minuturako bildurra horixe bai bait da, ni deskubritu

 eta kalera, aingeru beltzen zirkura, benetako zoro arriskutsu horien artera

 ipurdikada batez bidaltzea.

 

                                                             Sin: Josu Lartategi

                                         Kotoizko Gelan, 1993ko apirilaren l9an

                                                           Hegotopia (Heartland)

 

 1. Lehen aurkikuntza ametsak Innisfree izena hartzen duenean

 

Innisfree lakuko irla

 

 Jagi eta alde egingo dut oraintxe, eta alde egin Innisfreera,

 Eta txabolatxo bat, buztin-sasiz egina, bertan altxatuko

 Bederatzi ilada indaba ditut zanga han, erleentzako erlauntza,

 Eta erlaroaren argiune baitan bakarrik biziko.

 

 Eta pake apurra izango dut han, astirotxu isuriz bait doa pakea,

 Ttanttaka goizaren estalkietatik behera txirri-txirriaren kantuetarantza

 Brist eta brist dago han gauerdi osoa, purpurazko dindina batean eguerdia,

 Txokaren hegoez beterik arratsa.

 

 Jagi eta alde egingo dut oraintxe; gau eta egun, aldi orotan,

 Lakuko ura dut entzuten erribera apalkiro txipristinduaz;

 Bidean nagoen artean, edo espaloiaren arrean,

 Berau dut entzuten bihotz hondoko muin muinean.

 

The Lake Isle of Innisfree

 

 Iwill arise and go now, and go to Innisfree,

 And a small cabin build there, of clay and wattles made:

 Nine bean-rows will I have there, a hive for the honey-bee,

 And live alone in the bee-loud glade.

 

 And I shall have some peace there, for peace comes dropping slow,

 Dropping from the veils of the morning to where the cricket sings;

 There midnight's all a glimmer and noon a purple glow,

 And evening full of the linnet's wings.

 

 I will arise and go now, for always night and day

 l hear lake water lapping with low sounds by the shore;

 While I stand on the roadway, or on the pavements grey,

 I hear it in the deep heart's core.

 

 2. Bigarren aurkikuntza: presentzia ikustezinen gainean

 

Presentziak

 

 Gaua hain izan da estrainioa ematen zuela

 Buruko ilea latz eraziko zidala.

 Eguzkiaren abailtzetik hona amets egin dut

 Emakumeek, botsor edo basati,

 Farfailez edo zetazko ehunez ipurditan,

 Nire eskailera kraskakorretan gora igoten zutela. Irakurria zuten

 Zer izugarri horren gainean bertsotan nuen oro

 Elkarrekiko maitasun, ondikotz, erantzun bakoaz.

 Atean paratzen ziren, bai eta paratu ere

 Nire zurezko atrile handigaitz eta sutondo bitartean

 Euren bihotzak taupaka sendi nitzakeen arte:

 Puta da bata, eta umea bestea

 Ezein gizonezkori desiaz egundo begitu ez diona,

 Eta hirugarrena, baliteke, erregina bat.

 

Presences

 

 This night has been so strange that it seemed

 As if the hair stood up on my head.

 From going-down of the sun I have dreamed

 That women laughing, or timid or wild,

 In rustle of lace or silken stuff,

 Climbed up my creaking stair They had read

 All I had rhymed of that monstrous thing

 Returned and yet unrequited love.

 They stood in the door and stood betwen

 My great wood lectern and the fire

 Till I could hear their hearts beating:

 One is a harlot, and one a child

 That never looked upan man with desire,

 And one, it may be, a queen.

 

 3. Hirugarren aurkikuntza: zaharrak, erotasuna eta (H)egotopia

 

Zergatik ez lukete zaharrek burutik egon behar?

 

 Zergatik ez lukete zaharrek burutik egon behar?

 Zenbaitzuk ezagutu dute mutil etorri handiko bat

 Arrantzaleen eskutur sendoa zeukana

 Kazetari mozkorti bihurtzea

 Dante osoa behin ezagutu zuen neska

 Astapito bati umeak emateko bizitzea

 Aurrerapen sozialaren ametsa, Helena bat,

 Oihu egiteko, bagoneta batera igotea.

 Zenbaitzuren ustetan da halabeharraren kontua

 Gizon onak goseak hil eta gaiztoek aurrera egitea,

 Euren auzokoak apaindura barik ikusiz gero,

 Argiztatu pantaila batetan lez,

 Istoriorik eta singleena ere ez luketela arkituko

 Ukibako buru zoriontsu batez,

 Hasieraren amaiera duin bat.

 Gazteek arean ez dakite auzi honetaz,

 Edadetu zoliek ondo ezagutzen dutena;

 Eta jabetzerakoan liburu zaharrek diotenaz

 Eta onenaren ezin jadetsiaz

 Dakikezue zergatik zahar batek ero beharko lukeen egon.

 

Why should not old men be mad?

 

 Why should not old men be mad?

 Some have known a likely lad

 That had a sound fly-fisher's wrist

 Turn to a drunken journalist;

 

 A girl that knew all Dante once

 Live to bear children to a dunce;

 A Helen of social welfare dream,

 Climb on a wagonette to scream.

 Some think it a matter of course that chance

 Should starve good men and bad advance,

 That if their neighbours figured plain,

 As though upon a lighted screen

 No single story would they find

 Of an unbroken happy mind,

 A finish worthy of the start

 Young men know nothing of this sort,

 Observant old men know it well;

 An when they know what old books tell

 And that no better can be had,

 Know why an old man should be mad.

  

 


inprimatu