inprimatu
Saida Mnebhi -Casablanca-
Izenburua:
Saida Mnebhi -Casablanca-
Sinadura:
Saida Mnebhi
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Pablo Sastre)
Egilea(k):
Sastre, Pablo

Saida Mnebhi

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
160-163

Saida Mnebhi

—Casablanca—

 

Saida Mnebhi

 

euskaratzailea:

Pablo Sastre

 

         Saida Mnebhi Marrakech-en jaio zen 1952. urtean. Irakasle, 1976an

 atxilotu eta Casablanca-ko 77ko epaiketetan bost urtetako gartzela zigorrera

 kondenatu zuten artean. 1977ko azaroan, bere presokideekin batera 45 egun iraun

 zuen gose grebari ekin zion, bostgarren astean hilko zela, abenduaren 11ean.

         Frantsesez izkiriatu zituen Saida Mnebhi-k bere gartzelaldiko poemak,

 Marrokoko Errepresioaren aurkako Borroka Komiteen eskutik 1978. urtean argitara

 emanak. Aldameneko poemak "La parole confisquée" (Editions L'Harmattan, Paris,

 1982), marrokiar preso politikoen testu eta marrazkiz moldaturiko liburutik

 jaso ditugu, horietarik "Chaque fois" uste dugula berak izkiriatu azkena.

 

 Zatarra da gartzela

 Zuk marraztu duzu ene seme

 ziega hagen eta girluen

 trazu beltzez

 Argi gabeko leku bat duzu pentsatu

 ttikiak beldurtzen dituena

 Hori adierazteko gainera

 han dagoela dinozu

 Eta zure hatz ttikiaz

 puntu bat erakutsi

 ikusten ez duzun txoko galdua

 Beharbada andereño mintzo zaizu

 gartzela izugarriari buruz

 haurrak lapurtzen ibilitako

 gaiztoak sartzen dituzten

 zigor etxeari buruz

 Orduan zure buruttoak egiten du galde

 Nola eta zergatik

 zuretzat eta beste haur guztientzat

 amodioz beterikoa naizen ni

 egon naitekeen han

 Nahi dudalako bihar

 gartzela gehiago ez izatea

                                                         (1976ko azaroaren 26an)

 

Aldi oro

 

 Poxpolo bat hartu dut

 Piztu egin dut

 Su eman diot paperari

 poxpoloaren sua urdina zen

 paper txuria beztu egiten zen

 Esku artean neukan papera

 nire eskuek dardar egiten zuten

 poxpoloa itzalduz doa

 papera kontsumitzen ari da

 denbora

 behatzak erretzen zaizkit

 erori egiten da papera

 kontzientzia gaineko krimen bat bezala

 maite den norbait

 hiltzen den bezala

 papera beztu egiten da

 gora dator kea

 jazmín usaina bezala

 kareaz

 txuritu berriko

 gure etxeen lurrina bezala

 kontsumitzen ari da eta ez da hiltzen

 beltza da, ez da jadanik txuri

 izarrez garbitutako

 uda zeru baten gisa

 suak oso eztiki, oso azkarki

 lepamozten dituen izarrak

 batzuk oraindik

 paper txuri zati bat

 zeru puska bat

 eta gehiago deus ez

 ez oraindik

 suak klaskatzen du

 ez da ase behin ere

 garrasi tikiak ateratzen ditu

 zartakaren hotsa

 udazkenean

 osto hildakoen gainean

 gabiltzanean bezala

 osto berdeen gainean

 udaberrian

 ilundu egiten da zerua

 zure poemak

 masa beltz bat

 suak irentsia

 debekatuaren beltzak

 jandakoa

 baina-ta nire leihoa ziren

 zelda txar honetako

 argi gabeko paretan

                                                         (1977ko urriaren 10ean)

 

 


inprimatu