inprimatu
Ibn el Kayin
Izenburua:
Ibn el Kayin
Sinadura:
Kanko
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ispizua, Kanko

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
21.zk.
Orrialdea:
22-27

Ibn El Kayin

 

Kanko

 

                       I

 Ibn El Kayin-ek, Harrar-eko poeta zoratuak,

 esploradore bota parea erosi zion

 misiolari zuriari. Heurokaz, enbaxadore

 britainiarraren bonbina eta mauser kargamentua

 asto zaharretan eroanez, Europaruntz jo zuen.

 Erloju ugari saldu ondoren, poema bat

 bidali zion bere aitari: «500 libera

 Credit Lyonnais-en kobratzekoak».

 

                       II

 Mortuko harezko pentzetan,

 ilunabarreko azken izpietan,

 gorrituz doaz palmondoak, epelduz osineko urak,

 eta motroilu gainean onixa dager so eginez, edo.

 

 Ibn El Kayin, Harrar-eko poeta zoratua,

 kale hestuetan dabil lekeda usaintzen; zelan izan daiteke

 euria hain garratza.

 

 Meka alderantz, hortzemugako hegietan kukuka

 artizarrak begiratzen dio, begi niniak ubelduz;

 eta xuxurlatuz diotso belarrira:

 «Bortxakeria izugarriz ekingo diogun egunean,

 mendekua eginen dugu». XLIV. sura 15.

 

 Rimbaud poeta madarikatuari jarritako kaleska

 imajinarioan oka egiten du haren oroimenez;

 euri garratzak garbituz ei du biharamunerako.

 

 Kai ondoko zubipean egunsentia dakusa farol uhertuaren

 ispiluetan; eta han datza, burkoi gira erlojodun maleta;

 Harrar-eko passeportea, lekeda poltsa eskuan.

 

                       III

 Ibn El Kayin, Harrar-eko poeta zoratua,

 Hareen marmarrak garun desbideratuak astintzen ditu,

 etorkizunaren bila abiatzen da Paris hordi ederreko

 gaueroko erloju salmentak perfumatuz,

 sabelak zabalduz eta,

 Messié, l'horloge messié-ka

 irendutako barrabilen boteetan,

 C'est tres joli; pour vous, pour votr'amie...

 bihar egingo duenaren testua irakurtzen du.

 Hareotako sugeak lizunki labantzen dira garunondoko harri artean.

 

                       IV

 Ibn El Kayin-ek, Harrar-eko poeta zoratuak,

 Ahuntz saldoa sugarrak edatera daroa

 nigeriar beltza ezagutu du bart,

 Moises-en murmuxen abarretan.

 Frantziako hizkuntzan.

 Bidetxidorrak garunondoan okertuz,

 goizeon, Senako sotoetan, nigeriar beltza

 ihartutako enborrak legez,

 aurkitu dute tripak ubeldurik. Polizia-forensearen

 bidea dabil. Ur malutek basamortuan beherako

 informeak dino:

 pasabideak lehortzen dituzte,

 eunuko hil zuten,

 ura zer den jakin gabe. Eta eztia

 Ibn El Kayin-ek ez dino

 gogorturik dario sudurziloetatik

 baina ez zuten bote onik.

 Goizeko garoari.

 

                       V

 Nohizbehinka, Ibn El Kayin-ek, Harrar-eko poeta zoratuak

 Fedan-ekin pasatzen du gaua

 speed baten truke.

 

 Biharamunean letra batzu uzten dizkio idatzita:

 «Ramadan-a heltzen denerako gau guztietan

 gura zaitut libre».

 

 Eta guardasola zabaldurik Alejandriako liburutegirako

 gutuna bidaltzera doa. Barruan izkribu bat:

 «Fedan-en larrua basamortuan datza iluntzeko

 eremu doratuetan. Izera epela, eguzkiak ferekatua.

 Haizea ere beldur da, basamortuan zehar, arrapaladan

 pasatzeko; alondraren urrats mehez doa goizeroko

 garokantak leun udagoienduz.

 

                       VI

 Ibn El Kayin, Harrar-eko poeta zoratua,

 infernuetara jaitsi da Fedan-en bila,

 lur azala, pitzaturik, zabaldu zaiola.

 

 Dante Alighieri-rik ezean, ofizio berria

 ikasi du beti gaua den lurraldean;

 «L'horloge messié»ka ibiltzeaz gain

 etorkizuna miatzen du

 irendutako barrabilak erriel gainean jarriz:

 papertxoa azpian eta barrabila gainean.

 

 Ondoren,

 erlojuak saltzeaz gain, kronoak oparitzen dizkie

 humeei.

 

 Ibn El Kayin, Harrar-eko poeta zoratua,

 ez da aberasten baina

 esperientzia berria eroango ei du Etiopiako

 poesigintzarako:

 Fedan izeneko speeda.

 

                       VII

 Ibn El Kayin, Harrar-eko poeta zoratua,

 Marsellako portura ailegatu da iluntzeko orduetan;

 maree beherako eraitoen gorpuek bidea zabaltzen diote, Mekarako bidea.

 

 Olatuen aparra arrakada doratuz jantzi da, egun.

 

 Mortu iluna legez hedatzen da itsaso baltza

 ekialderantz, Harrar-eko hareharriak murgiltzeko asmoz.

 

 Itsaso sotoetan zehar erromesek bidetxidorrak lausatu dituzte koralez.

 

 Alejandria-ko itsasegietara ailegatzean gutun bat ematen dio

 telegrafistari:

 Alejandriako liburutegia

 Ibn El Kayin-en saila

 Pariserako bidaia

 «Ekialdeko bidetxidorretan barna, ur-eztiz ureztatzen dituzten

 ortuetan, zeure begiraden magaletan natza, oi Fedan!

 Bi tanta zure begiak, ortuko mazustretan.

 

 Gaioan urak doaz xuxurlatuz, argizagi doratuak eroango zaituela.

 Eroango zaituela izarren izpiak ehotzen diren jauregira, oi Fedan!

 

 Moreak dituzu ezpainak, mazustren goxoak ubelduta.

 

 Pikondoko adarretan lotu duzu argizagia, beilegi eta more;

 eta berak dolorez kantatzen dizkizu, oi Fedan, onix begiak

 dituen dontzeilarenak».

 

                     OHARRA: Nire biografia idazten

                                   duzuenerako, jakin ezazue,

                                   Harrar-era noana.

 

 


inprimatu