inprimatu
Lau bost sei harresi...
Izenburua:
Lau bost sei harresi...
Sinadura:
Joseba Sarrionandia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sarrionandia, Joseba

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
14/15.zk.
Orrialdea:
32-33

Joseba Sarrionandia

 

Lau bost sei harresi

 

 Lau, bost, sei harresi gure inguruan

 Bihotz bata bestearen barruan bezala.

 Zorionak euriari eragindako kantua

 Laku zaharren batetan ito zen,

 Haizeak ez dakar ezer. Begiratu,

 Hegaztien itzal hatzeman ezinak lurrean.

 Zer egin dezakegu? Paseatu egin gaitezke,

 Urrats bakoitzean errauts apur bat utziaz;

 Mundua ere geure antzera biratzen da, preso,

 Bere buruaren giltza aurkitu ezinik.

 

Hilarri izkribua

 

 Halan suertatu eta hil banaiz,

 Goroldio eta lur azpiko

 Zoko honetara sartu banaute,

 Hegoaizeak ene

               lekua aurkitzen ez badu,

 Belar sustrai tipiek ere

               ene hazkure badute,

 Bene benetan hilda banago

               bizitza ez zait hainbeste axola.

 

Esklabu erremintaria

(Latinoen pisan)

 

 Euskal Herriko basoetan gatibaturik

 Erromara ekarri zinduten, esklabua,

 Erremintari ofizioa eman zizuten

 Eta kateak egiten dituzu.

 Labetik ateratzen duzun burdin goria

 Nahieran molda zenezake,

 Ezpatak egin ditzakezu

 Esklaboek kateak kauts ditzaten,

 Baina zuk, esklabu horrek,

 Kateak egiten dituzu, kate gehiago.

 

Zuziak eta aizkorak

(«O Marinheiro» itzultzen)

 

 Zelda barru honetan, mundutik lekorean,

               zuziak aizkora bihur ditzaket.

 Areago, Fernando Pessoa izan naiteke,

               pertsona hori Alberto Caeiro zen legez.

 Eta itzalen istorioa konda nezake:

               argiaren aurka errebelatu ziren

 Eta hor daude orain akiturik,

               abrigo zaharren moduan.

 Neu ere itzal bat naiz, zuzi eta aizkora artean,

               Oroimenak gauzak edertzen dituela

 Uste dugu itzalek, horregatik dugu nahiago

               denbora iragaten uztea, geroan oroitzeko.

 

 


inprimatu