Bai, edozer gauza da posible granadan
Eznau zurekin inolako oroitzapenek lotzen, eta hala ere.
Egarri biziz ordu erdian irakurritako liburu bat, EGANen zure ipuinak
irakurteko irrikia (udako arratsaldeak Diputazioko liburutegian...), herria
madarikatuz barkamena eskatzen zuen gizonaren borondatea, eta behin Zarautzen
hainbat kolpez eta laudorio faltsuz ajatutako aurpegi ilun eta zaharkitu bat
Lizardiz hitz labur batzuk esaten (eta han ginen gazteok luzeago mintza
zekigula desiratzen...).
Oroitzapenok ez naute zurekin lotzen, eta hala ere.
Ez, ezin duzu gehiago isilik iraun: zure herriarenganako begiramena
ikusi nahi ez dutenen arrazoi betidanikoa.
Ez, ezin duzu gehiago isilik iraun: zure harrian mokoka azken poema
izkribatu nahi duzuten hegazti harrapalariak.
(Eta hildakoei, bakea).
Oraindik ez baitzara herriaren poeta, jaiki zaitez, madarika itzazu
zeure hautsaz bataiatzen diren enterradoreak.
Eta orduan, poeta gazteak, hamabi hostotako krabelin gorria eskainiko
dizu, errespetoz.
Oraindik ez baitzara herriaren poeta.
(Eta hildakoei, bakea).