inprimatu
Hiru poema
Izenburua:
Hiru poema
Sinadura:
Enric Soria
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Dani Salaberri)
Egilea(k):
Salaberri, Dani
Soria, Enric

Argitalpena:
Pamiela.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10.zk.
Orrialdea:
42

Hiru poema

 

Enric Soria

 

euskaratzailea: Dani Salaberri

 

         Kasualitatea krudela da. Kasualitatez ezagutu nuen Enric Soriaren

 olerkia, eta itzultzeko agindua eman nion nire buruari. Kasualitatez ez dira

 jadanik hauek idazleak gehien maite dituen olerkiak. Kasualitatez maite izan

 nituen nik eta horra hor euskaratuak, idazlearen baimenez, jakina, nahiz eta

 gaurkoz apurren bat urruti sentitu honek bere ametsetatik sortutako olerkiok.

         Aukeratutako hirurok Varia et Memorabiliatestutik hartuak dira. Liburu

 horrekin irabazi zuen idazleak Valencia saria 1983. urtean. Ez dira

 txantxetakoak, beraz.

         Enric Soria idazlea gaztea da oso. Saritua izan arren, ez du horrek

 bere poesiarako ezer esaten. Batez ere, idazlea balenziarra delako, eta

 herrialde hortako poesia borobil hertsi eta trunkatu batetan igarotzen delako.

 Lagunentzat idazten ditu idazleak, hauek irakurri eta azkenez egunen zirkulua

 bukatzeko. Idazlea 1985. urtean jaioa dugu. Ez dakit bere bizitzaz ezer

 interesgarri esan dezakegun: egindako hizkuntza ikasketak, duda gabe. Katalana

 eta egipzioa ikasi du, gaur egun paro gorrian aurkitzen delarik. Bai ez dira

 gaurkoak egun egokiak eglogetarako.

         Ez dakit zergatik aukeratu behar izan nuen idazlea hau, eta guttiago

 zergatik hau eta ez beste bat. Nire ezjakintasunaren gainetik ba dago,

 loturaren bat zihur asko. Idazlearen ironia urrutia. Desolazioa ikusteko manera

 xamurra, agian. Horregatik izan nahi izan nuen. "Harrigarria den zerbaitetan

 ezin izango dut federik jarri. Harrigarria denean ezertan baino guttiago

 sinesten dut" diost idazleak karta baten txoko batetan, beharbada egi txikien

 txokoan.

         Retorikak gainezka egiten badio idazleari, Varia et

 Memorabilialiburuan, idazleak "Catulo-ren Erroma tabernazale eta Kavafisen

 Alejandria erotikoaren antzera idatzi nahi izan du bere parajea: Valencia.

 Poetikoa da bizirik dagoelako", honek azaltzen du liburuaren koska. Eta

 Valencia hori minez eta ironiaz ikusita dago. "Ironiak ez du ukapena

 erakartzen, ikuspena baino, urrutiratzeko ahalmena", diosku idazleak, hiri

 nagusi baten indarrak hizkuntza mindu baten ahalmenez lotu nahi izango balitu

 bezala.

         Mingotsa da poesi hau. Ezin du bestela izan. Mingotsa eta garratza.

 Baina horregatik ere maitagarria, desiragarria, krudela, sinesgabea, mindua,

 mindua...

 

                                                 No escric, eglogues.

                                                           V. A. Estelles

 

                                                 Este poema te destruye y te

 supone muerto.

 

 Angel Saiz.

 

Telefonoa

 

 Maite nuen telefonoa xifra markatzea,

 lasterrean zure abotsa zen xifra miresgarria,

 lehen esaldien zeresanen jakin eza,

 elkar ikusteko agindua, hari bitartez musuak.

 Zure gorputza iruditzen zaidan telefonoz:

 titi ttikiak zutitzen, itxaroten ninduen matxan zuhurra,

 lepoaren biribil goxoak.

 Maitasuna, zein hitz zeharkaitza,

 latz eta ezinbestekoa.

 

 Eta nola bultzatzen nauzuna arinka, nilakoak honela korri

 izatea debekatua behar luke egon.

 Zein ikuskizun desegokia

 zuganako dudan maitasuna.

 

 Zure gorputza eta hitz lasaiak zetozen gero.

 (Biok maite genuen Garcilaso,

 eglogetako aro ona,

 iraganez urkultzen den aroa)

 Maitasuna: une labur eta osoa.

 

 Orain ez du telefonorik joten. Ixilez

 zutaz idatziz, zu alde utziz.

 Gustatuko litzaizuke eglogaren bat,

 merezi eginen duzu, agian.

 Zorikaitza baina, gure garaia,

 ez da egun eglogarik idazten.

 

Gela argiduna

 

 Ustegabez igaro dut etxe aurretik,

 argia biztua zen eta lehio zabaletik

 itzal bat margozten.

 

 Gelan, arras estimatzen genuen elkar,

 oihu eta antzerki zalea zen maitasunez,

 besarkada eta gezur handiez egindako maitasunez.

 

 Norbait bizi da han,

 zu ez zaren, agian,

 gorputz ederregia.

 

 Orain ez gara maite,

 (hainbat maitasunak igaro du, nork esan!)

 Ez dugu trazarik gorde izan gura.

 

 Eta argi biztu baten,

 arrotzaren itzalan, biziki

 oroimenak sotil dirau, oraindik.

 

Arratsa

 

 Zurekin, beti bezala, kutsatzen nauen

 nazka traszendentearen sentipena.

 —Ez ikustearena egiten didazun era landua—,

 eta elkar ikuste eta heziketa onak

 sortzen duen nire alperreko itxaropena.

 Zure hitza, eta banoa, beti bezala,

 deitu egin nauzula eta pozik.

 Oker berriro, zihur.

 Zugatik gehiago gezurtarazten dut burua.

 

 Musuak gris, begiradak gris,

 grisak ere maitasunak...

 herrautsen gristasunez.

 Metafora antzuen grisa,

 betirako antzu,

 ditut saritzat.

 

 Itzal bi, ontzi hustu bi bezala

 itzuli gara Valencian zehar,

 —lore eta baratz bako: Valencia—

 arrats luze eta amaigabe baten.

 Herauts gris deuseza; ez dira gaurkoak

 honelako maitasunak. Gastaturiko gris iseka

 ezerk ezilkor egingo ez duen arratsalde hau.

 

 


inprimatu