inprimatu
Hiru mendizale hilei
Izenburua:
Hiru mendizale hilei
Sinadura:
Sarriegi Eskisabel, Andoni (Murumendi)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sarriegi, Andoni

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1976
Argitalpenaren urtea:
Alea:
697.zk.
Orrialdea:
32

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Hiru mendizale hilei

 

Sarriegi, Andoni

 

 1

 

 Mila bederatzirehun eta

 hirurogei t'hamaseia

 Ekainak hogei eta zortzia

 ez dugu egun lasaia

 Hiru gipuzkoar mendizale

 harkaitza igotzen saia

 gailurrera baino lehen bazen

 harri bat oso etsaia

 

 2

 

 Jose Luis Orbegozo zen bata

 izatez azpeitiarra

 Fernando Terradillos bestea

 hau berriz ordiziarra

 Sebastian Sanchez hirugarrena

 ta bera beasaindarra

 harriak huts egin da amildu

 horra bada ezbeharra!

 

 3

 

 Huescako Torlatik aurrerago

 Vignemaleko tontorra

 Hiru bat mila eta berrehun

 bat metrodun haitz zakarra

 Hiruk aurretik igoa zuten

 asmo bat zuten bakarra

 guk ikusteko filmaz hartzea

 atzekoen lan gogorra.

 

 4

 

 Aurrekoak gailurrean zeuden

 atzekoak bazetozen

 Baina harri faltsu bat libratu

 eta hor dira amiltzen

 Seireun bat metro goitik behera

 eroririk dira hiltzen

 soka, hiltze ta gainerakoak

 heurekin jetxi zituzten.

 

 5

 

 Mendiko lagun ziren hirurak

 lagun bezala hil dira

 Sokaz elkarrengana loturik

 batasunaren diztira!

 Zeruko Jaunak bil zaitzatela

 bere atseden tokira!

 Ta betirako pizt zaiteztela

 Haren bizitza argira!

 

 6

 

 Hogei ta bost urteko zen bata

 eta andregaia zuen

 Besteak hogei t'hamabi urte

 emazte ere bazuen

 bi haurtxo polit seme ta alaba

 estimatuak zituen

 Hirugarrenak hogei ta hamar

 alargunaren seme zen.

 

 7

 

 Goibel daude hiru familiak

 ta goibel mendizaleak

 Goibel baitere lagun da ezagun

 nola ez adiskideak

 Hamaika tontor igoak ziren

 betire gailur zaleak

 Hiru lagun bikain galdu ditu

 Euskal Mendi Batzarreak.

 

 8

 

 Bata ez nuen neuk ezagutzen

 beste biak bai ordea

 Hiru urtez batera bizi ta

 nolatan utzi gordea

 Ikasten elkarri lagundu ta

 gero holako zortea

 Nor norako gauden ez dakigu

 bizitzaren dolorea!

 

 9

 

 Arrisku handikoa da noski

 eskalatze mota hori

 baina egiten duten ausartak

 gogozko zaigu bai guri

 Everest, Andes eta Alpetan

 euskalduna da ageri

 baina gutxien uste denean

 amildu edo erori.

 

 10

 

 Euskal Herriak betire zuek

 goraipatuko zaituzte

 zuen ekintzak alde guzitan

 kontatuko baitituzte

 baina senditarrek hutsuneak

 oso nabarmen dituzte

 laguntzen saiatu behar dugu

 nik beintzat hori dut uste.

 

 11

 

 Gaurko egunez dirua eta

 ondasunak dira jainko

 Horiengatik mugitzen baita

 maiz alferra ere franko

 Zuek zailtasunari heldurik

 beti tontor da barranko

 Denak egin zituen Jainkoak

 dizkizue ordainduko.

 

 12

 

 Ezagutu zenituzten hemen

 makinatxo bat mendarte

 Lurralde desberdin ugari ta

 makina bat harkaitz tarte

 Kondairan begiratuaz gero

 ez gaude oso aparte.

 Itxaropenez bienbitartean

 Agur! Egun handirarte!

 


inprimatu