C.A.T. eta euskara
Murumendi
1
Irailaren lauean
Donostian jaia
aurtengo estropadak
hasteko garaia
eguraldi bikaina
giroa alaia
jendea erruz eta
garaile Pasaia
2
Hurbildu ginenean
sarrera hartzeko
txartela behar eta
barrura sartzeko
preziorik ez zeukan
bistan ikusteko
eta euskara urri
guk irakurtzeko
3
Izenburua zeukan
jarria euskaraz
data ta zenbakia
ordea erdaraz
hala nahita "ahaztu"
nonbait oso erraz
euskaldunoi arreta
gutxiegi beraz
4
Okerrena ordea
orain datorrena
Turismo Etxekoak
eskaini zutena
estropadei buruzko
liburuska dena
ia espaņol hutsez
eman zigutena
5
Milaka euskaldun han
izanik bilduak
gertatu ginen denok
osoro salduak
geure herrian arrotz
eran tratatuak
lotsarik ez dutenak
gogor irainduak
6
Rafa Agirre zara
CATeko burua
eta Albistur Jauna
zu Udalburua
biok ere erdaldun
duzue burua
zuekin euskarak jai
gauza segurua
7
Azalean bizpahiru
izentxo jartzeak
ez du elebiduntzen
ene Jaun maiteak
ez eta bertso batzuz
zerbait apaintzeak
hori bada guretzat
berama haizeak
8
Euskaraz idatzia
behar da mamia
erdararentzat utzi
ba apainduria
araudi, neurri, mapa
eta historia
ea alderantziz noiz
datorren guzia
9
Santurtzi, Donostia
Pasai Donibane
Hondarribia eta
beste batzuk barne
erdaraz idatziak
agerian daude
euskaraz idazteko
gogorikan gabe
10
Erderomanoengan
ezin dut sinetsi
jendeak zoritxarrez
isilik irentsi
ta euskaldun petuok
beharko ba etsi
zergatik behar beti
guk burua jaitsi?
11
Politiko kargudun
konturatu zaitez
herriak emandako
zeregina betez
erdalzaleak marran
garaiz sartu bitez
bestela ari dira
bortxaren bitartez
12
Hitz politez beterik
faltarik ekintzak
hamar urte pasarik
janez geure hitzak
horrela jokatuta
jarraituz baldintzak
ez du etorkizunik
euskaldun bizitzak
|