Maitasun elorria
Santisteban, Karlos
Ez zuen inork erreparatu
zure ahoko herenilean
loratzen zen mizpirondoaz,
ez zekiten grafitozko hortzetan
maitasunaren eskuek
destaina zizelkatu zutela
marfilezko freskotasunean.
Basakatu batek
zure soan atzaparka
inarrosten ditu mosu furtiboak,
mihi jeloskorrak
xurgatzen die mahatsei
errubizko ardo
malko upeletan ondua.