Xenpelar zanari jarriak
Salaverria, Sebastian
-1-
Biotzeko Errenderi,
erri leial maite ori,
Salaverria'k opa dizkitzu
zorion ugari;
mingaña daukat itzlari
eta asi naiz kantari,
nere bertsoak eskeintzen dizkat
Xenpelar zanari.
-2-
Maitale det ikusia
nik Errenderi guzia,
Xenpelar, nola ziñan zu ortxe
sortu ta azia;
orain sari berezia
lenago irabazia,
eskeintzen zaizun omenaldi au
ongi merezia.
-3-
Xenpelar aspaldikoa,
sortzez Errenderi'koa,
milla zortzireun ogei ta amabost-
garren urtekoa;
naiz eskola gabekoa
jakinduri aundikoa,
amaika bertso eder jarri ta
kentatutakoa.
-4-
Orduko bertsolariak
ziran eskola gabiak,
bañan plazara ertendakoan
lanean trebiak;
Xenpelar zanen begiak
etziran gero nagiak;
argatik arrek esaten zitun
askotan egiak.
-5-
Bertso paregabekoak
dira zuk jarritakoak,
doai berezi ori baizendun
emana Jainkoak;
zure itzak pakezkoak,
gorrotorik gabekoak,
naiz askorentzat mingarri izan
zuk esandakoak.
-6-
Gaur gorrotoa badago,
orduan ez gutxiago,
zure bertsotan ikusten degu
gauz au garbiago;
gerra-beldurra nun dago?
andik itzuli naiago;
pake zalea ziñan, Xenpelar,
ezin da geiago.
-7-
Zuk gerrari gorrotua,
zenbat bider aitatua,
ta zoritxarrez garai artantxe
ziñan agertua;
naiz Errenderi'n sortua
bear ur bedeinkatua,
Oiartzun zegon gertuago ta
an bataiatua.
-8-
Franzisko zuan izena,
Petriarena abizena,
bertso-saioak noiznai egiñez
alai bizi zana;
ona zuan almazena,
berez itzlari zuzena,
erriak ezin beiñ ere aztu
olako gizona.
-9-
Gazterik joan zan mendira,
Egurrola baserrira,
urte batzuek an igaro ta
jetxi zan errira,
ezkondu Errenderi'ra,
ta, ogia familira
eramango bazuan, lanera
fabrika aundira.
-10-
Etziñan gizon aundia,
bañan leial da argia,
oraintxen ere aurrean daukat
zure irudia;
ain txori abeslaria,
aparta bertsolaria,
argatik orain jarri digute
«Xenpelar-saria».
-11-
Eriotza azkenean,
sasoirik ederrenean,
milla zortzireun irurogei ta
amargarrenean;
Abendua il zanean,
Ama Birjiñ egunean,
orain zeruan Kantatuko du
alaitasunean.
-12-
Utzi zigun bertso-pilla,
nik al dakit zenbat milla,
naiz eskolik ez kantu-lanean
izanik abilla;
leiala eta umilla,
orain eun urte illa,
erregutzen det, arren, zeruan
arkitu dedilla.
|