Lau poema
Otamendi, J.L.
I
Nola aukeratu geroa zure begientzat
zenbat krimen bildu dugun maindire zurietan
maitea itsasoa jakitera irits ez dadintzat
zuhaitzak ardiz mozorrotu ditugu
barkamenarentzat lekurik nere baranoan ez da
non gordeko dituzu eskuak biluzik zaudenean
ni ez nagoela etzazu ihes egin behintzat
oso daude hotzak portu gehienak
sasoi honetan kaiuek jotzeke okela gordin mareak
ezpain mistikoekin txirlilatutako egoitzak
neguaren esku beltzak umotu ezinean ari
burges ero baten poemak
II
den dena oroitu behar dut
denbora hezi
kartzeletako frontoietan isilminaren boteak hautsi
umea izanen zareneko espraiz venusak pintatu
euriak geroa atzendu
neguari hartzen dio aurre suak
odolak egiari
ezpain itzalak lez haizeak teilak ebaki
lehengo lepotik burua
oinazea hain zuhur
den dena oroitu behar du
geure hezurrak testigu
III
sexuzko dorreak
baldin eta argizagilez urtu badira uso lerdo bertutetsuak
baldin eta gerlarik irabazi badu etxepeko terroristak
baldin eta zure kulero umela oroit baleza tximeletak
sexuzko erpinak
odolak
dituenean
gorputz
izutuen
gainak
troka
amaskorrak
odolki
zut
zurrunak
falta
sexuzko leihoak
non ikusten diren zelaiak biluzten neguaren hortzak
non desio gorenetatik makurzuloetara amiltzen diren gotzonak
non pertsonek dituzten ahazten sukar ongileen erostak
(leihoak ez baizen sexuzko lehoiak)
IV
eta itsasoa
egia esan
gehiago axola zitzaidan orduan gizontto triste hura baino
gure baitari zerion odola
borobil
beldurra bezala
eta amasak goritzeraino egiati
musika gabe utziko genituen hainbeste heriotze
gauak minez itsu
ahaztura ere ahantzi ezin dela
izen abisalek
aditz abisalek tintontzietan oroitu
gupidarentzako gizonik ez
bai urrun dituztena euren hildakoak demokratek
itsaso baten ostean
urtaro baten ostean
karraxi baten ostean
garaipen baten ostean lurrik gabe
eta negu gau hotzetan
arrainek
itsas zulo pelirosak besarkatzen