Arrese ta Beitia
Ormaetxea, N.
Nik zartaria
ik barruntzalia,
sutegiko lana
biok erdi bana.
Buruan zaukodazan
baizen bizi ta argi
atara gura zeunsket
kristau, olerkari.
Zeu lez gorputz lantzaille
tamalez enaz ni,
baña nire gogai su
zor deutsot besteri.
Izotza baizen gogor,
edurra ainbat zuri,
sutegian agoia
dagon baizen gori,
baten otz eta bero
zuri ta nai gorri:
nok asmatu legike
asmakizun ori?
Edur garbi gogoa
lei gogor gorputza,
sua ta galda baño
berogo biotza;
miña leguna dau ta
begia zorrotza:
nor da gizon-antz ori
ein daizen arotza?
Otxandion edurra,
sutegia berton,
ori lakorik sortu
ete eiken beste iñon?
Bizkaitar zantsu eta
euskotar ari-on,
edertu daigun emen
ainbesteko gizon.
Erdu, olagizonak,
zatoz su, zatoz lei,
gizon bat gogortzeko
dagizuet gaur dei.
Ni su-gizona ba'nitz
zelan eratu nei
Arrese'n irudia
guztion ikus-gei?
Biztu zaize, sugiñak,
or dozue burdiñ,
ik, mutil, auspoari
geratzeke eragin;
ik gertu eik gargara
neurri doi-doiekin,
salda gogor-bearra
bertara sartu dein.
Aurpegita gorputza
neurriz egizuez;
baña biotzarentzat
neurri medarrik ez.
Yo ta yo landu izue
milla maillu kolpez,
arragoan arduraz
ikerturiko urrez.
Txoko bero ortan dagon
maite agerkari,
zan aundi ta zan txikar
azalera ageri.
Biotz orren erdian
itz oneik idatzi:
«Euskera il ezkero
ez dot gura bizi».
Idatzi barruago
zulatuz zan ta mun;
ondiño barruago
zerbait itzi euskun.
Bai olerkari baña
baita bere euskaldun,
baña guztiz ganetik
«Euskaldun fededun».
|