inprimatu
Biga ziren
Izenburua:
Biga ziren
Sinadura:
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Alkat, Ernest

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
2070.zk.
Orrialdea:
3

Biga ziren

 

Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)

 

 1

 

 Azkenik egin euri nigarrak, aments hutsetan galduak

 Gazteak etxen sortu berriak, apal apalik buruak

 Amak haurrari orroitarazten ikastolako orduak

 Nola asmatu, bi lore gazte zauzkigula urrunduak

 Beren biziko udaberritik, eraman ditu neguak.

 

 2

 

 Lore guziek bezala zuten, bizitzen udaberria

 Alaitasuna nasai hedatuz, eskainiz beren irria

 Paregabeko baratzea zen, bientzat Euskal Herria

 Zabaltzen zuten, oroz gainetik, Euskara maitagarria

 Sekula santan, ez zadin agort, hizkuntzaren iturria.

 

 3

 

 Begiak zauzkit orai bustitzen, iturriaz orroitzean

 Errobi zoan, beti bezala, bide luze ta hotzean

 Hormak zituen denak margotzen, zoritxar haren goizean

 Zer zinioten, gazte maiteak, zuen azken solasean?

 Norentzat ziren azken agurrak, betirako urruntzean?

 

 4

 

 Uda betean, oso polita, Arrosako herri hori

 Garaztar gisa, dantza jauzitan, beheiti doit Errobi

 Nola onhartu, bi andereņo bertan zirela erori

 Hor zuendako, beti badauzkat, bertsu xume bat edo bi

 Bainan erreka gaur nola deitu, Errobi edo hil hobi?

 

 5

 

 Ixtripuaren iluntasuna margotzen zuen lanoak

 Bi xori gazte bereganatzen, ezin asmatuzko loak

 Ez jakinean, beren lanetan, ari ziren etxekoak

 Kantuz ta oihuz, zoin alegera, ikastolako xokoak

 Ez ziren berriz harat helduko, beren bi andereņoak.

 

 6

 

 Berria laster zabaldu baitzen, ixuri ziren nigarrak

 Nola kontsola, Lasa aldean, ikastolan zauden haurrak

 Etxekoeri nola eskaini, esperantzazko indarrak

 Euskal zeruan pizten zirela, maite gintuen izarrak

 Bi zerbitzari galtzen zituen, Seaskak eta Euskarak.

 

 7

 

 Betidanikan, edozoinentzat, ixtripua da lazgarri

 Nolaz orduan, nolaz horiek, galdezka gaude elgarri

 Jadanik guti agertzen dira, herriaren zerbitzari

 Iduri luke, mundu osoa gure aurka dela ari

 Berriro biga horrela geituz, luzea zen zerrendari.

 

 8

 

 Urrundu dira gure artetik, bainan ez dira galduko

 Hasia zuten sail ederrari, ezin dute egin uko

 Urruņa eta Itsasu ere, hartzen ditugu lekuko

 Eguneroko borrokarekin, herria da salbatuko

 Ta zuek erain hazi sanoak, laster dira loratuko.

 

 9

 

 Seaskak aurten hogoi urteak, alaiki ditu ospatzen

 Ezagutza bat hartze duela, hasiak dira ohartzen

 lkastoletan, ate guziak ari dituzte zabaltzen

 Udaberriko iguzkia da, gela guzietan sartzen

 Lasan nigarrek busti karpetak, dituelarik xukatzen.

 

 10

 

 Zuentzat egun, andereņoak, marrazki bat dut eginik

 Oporretarat, Gareziraino, biak zireztela jinik

 Oto berri bat badut zuentzat, Olentzerotan ukanik

 Lore gorri ta xuri berdeak, gelan baditut emanik

 Zatozte laster berriz gu ganat, Bernadeta eta Monik.


inprimatu