Bartolo ta Mari Iñasi'ren pasadizuak
Txirrita
1
-Jaungoikuak egun on
dizuela, Ma'Iñasi,
¿zer zabiltza zu emen
makilla ta guzi?
-Ardi kontu, Bartolo,
nai banazu ikusi,
beste ofiziyorik
ez nuan ikusi.
2
-Ez aldezu artu biar,
Ma'Iñasi, gizonik?
bizi modu obia
jarriko dizut nik.
-Ez daukat dirurik
eta ondasunik,
ez det uste, Bartolo,
zuk naiko nazunik.
3
-Zu egonagatikan
arlote ta pobre
zerbait aberets baño
neretzako obe;
atoz, zauden bezela,
xentimorik gabe
ta zu egingo zera
nere gauzen jabe.
4
-Ni izan agatikan
etxe pobrekua,
badakizu naizela
biyotz noblekua,
beste batzuek baño
konduta obekua,
zirri bat iñork
egin gabekua.
5
-Berrogeita biña urte
zaizkigu kunplitu,
iya bada garaya
nai bada muitu,
berel berelakuan
etzera kupitu,
jainkuak bestek eztu
nik ainbat sufritu.
6
Arreba monja juantzait,
¡au da desgraziya!
fameliyan dadukat
indar eskasiya,
orañ ipintzen dizut
komenientziya
zuria izateko
nik dudan guziya.
7
Iru bei ta ogei ollo,
zakurra ta astua,
lau katu eta bi auntz,
¡zer bizi poztua!
morroi bat artuko det
pulamentuzkua,
ez dago sayatzeko
paraje gaxtua.
8
Etxia neria det,
baditut bi txerri,
baita mendiyan ere
berrogei bat ardi,
pobria izan arren
azaltzen naiz argi,
zor artzekuak kito,
kontuetan garbi.
9
Bi aizpa bizi giñan,
aita eta ama,
bestiak gobernatzen
nik bakarrik lana,
ayentzat justu justu
sortzen nuen dana,
irabazi orduko
aurretikan jana.
10
Aste batian illak
aita eta ama,
ta aizpa "reumak" artu
ura gure lana
izeba batek artu
zuan beregana,
zerbait biar zanian
beti neregana.
11
Sokorritutzen nuen
onradamentian,
negar egiten zuen
begiyak betian,
orañ bi illabete
sartu zan lurpian
galanki sufrituta
amarbat urtian.
12
Ez bagera sayatzen
ez dago gauzonik,
ez dezu adituko
alperra naizenik
egiñala guziya
egingo dizut nik
nere partetik ezta
galduko gizonik.
13
Bartolo arkitzen zan
estadu motxian
iñor emakumerik
etzaukan etxian,
dudan ibilli gabe
denbora luzian
illabete baño len
esposatu zian.
14
Orra pasadizuak
guk adierazi,
sayatzen danak eztu
burlarik merezi;
orañ egin biagu
lengo penak utzi,
alkar istimatuaz
ondo ondo bizi.
|