Aurtengo estropadari
Txirrita
1
Milla beatzireun irurogeita
amabigarren urtian,
estropada bat izandu degu
Donostiyako partian,
irabaztunak mesede zuten
galtzallientzat kaltian,
ausuntu ortaz oroituko naiz
bizirik naizen artian.
2
Nere lagun bat inguratu zait
gizon prestuaren gisa
denbora pasa dibertitzeko
kantak jarri albanitza.
triste daudenak konsolatzeko
pensamentuan dabiltza,
aren gustua egitiatik
bayetz eman diyot itza.
3
Agur Pasaiko Sanpedrotarrak
gora Manuel Arrilla,
aita ta seme eta illoba
osatzen dira kuadrilla,
indar aundiko arraunlariyak,
patroya ere abilla,
Donostiyara lasai juan ziran
diru ta bandera billa.
4
Orain sei bandera errenkaran
eta len bi ekarriyak,
Sanjuandarrakin soziyokua
an du Miserikordiyak,
beste txiki bat Tolosatika
ongi arturik neurriyak,
orrekiñ ere onra ederra
dauka Pasaiko erriyak.
5
Lenbizikuan bere lanari
emandiyote segira,
jendia pozez egondua da
aldamenetik begira,
gero txalupak trukatu eta
mansotu zaye mugira,
dirua pranko galdutakuak
azkenekuan badira.
6
Ondarrabiyak Pasayari ta
Donostikuak elkarri
lauak txalupak trukatu eta
korajez ziraden jarri,
asteko seña egin zanian
mugitu ziraden sarri,
irugarren zan San Pedro baña
bandera berak ekarri.
7
Biraje onian Donostiarrak
etorri ziran aurrena,
Ondarrabiya bigarren eta
San Pedro irugarrena,
nola oyentzat tokatu baizan
txaluparikan txarrena,
uste zan baño nekexiago
sartu ziraden barrena.
8
Pasai San Pedro egun orretan
gertatuko kasua
pixka batian etzait aztuko
ementxen daukat jasua,
¡Biba Manuel esanaz dantzan
larogei urteko atzua!
gazte denboran etzan izango
fandangolari mantzua,
9
Lendabiziko lau txalupetan
etzagon jende narratza,
bi bizkaitarrak egin digute
oso joera garratza,
biyan batian balizan buelta
arraun kolpia zorrotza
lendabiziko zein etorri zan
etzan juzgatzen erreza.
10
Aginaga ta Zumayak ere
egindute alegiña
ziran indarrak enpeñatuaz
on da apustu fiña,
guziyak ezin iritxi degu
altueneko tamaña,
atzetik neurtzen errezago da
aurretik etortzen baña.