Duvoisin jaunaren oroimengarriari
Lopez Alen, Franzisko
Iltzen danian erri bateko
Seme bat guztiz leyala,
Iltzen danian doaiz beterik
¡Aztutzen ez da iñola!
Baizik goitzen da aren oroitza
Maite maiterikan nola
Amak aurrari nai dion gisa,
Intza soroak bezela,
Choriyak bere arbola eta
Nekazariak echola.
Nik nai dizutan gauza donkitu
Ez da urrez estalia,
Ez da koroia arri fiña dun
Aberats dizdizaria;
Nere gogoak eskeingo dizu
Malkoaren itz eztia,
Samiñak senti duben antsiya
Pake santu naigarria,
Umezurtz batek egingo luken
Beziñ kantacho tristia.
Bañan... ez! zaude! askotan negar
Barrenak egiñagatik,
Askotan ere penak berekin
Atsegin dauka nasturik;
Bestela nola mundua igaro?
¡Begira baga tartetik
Mariñel gizagaisoak nola
Eriotzaren ondotik
Ikusten duben odol urdiña
Bendabalaren atzetik!
Ez gininduke penak ainbeste
Menderatuko lurrean
Gure bizitza balitz loreak
Izaten diran moduan;
A!... Zergatikan jartzen danian
Lore bat igarturikan,
Badakagu, bai, beste bat ura
Beziñ ona sarjindikan;
Bañan gizon bat iltzen danean
Guztiz ernea..., ¡Nondikan!
Gaur edo bigar diyotenean
Euskal erriko kondairak
Adiarazten, asirik bere
Seme argien doaiak;
Ta diranean arkitzen gero
Beste gizaldi berriak,
Ta baraturik lurretik gaurko
Bizirik gauden guziak,
¡Duvoisin zein zan... jakindukodu
Beti Euskaldun-erriak!