inprimatu
Sweet surrender errendizioa
Izenburua:
Sweet surrender errendizioa
Sinadura:
Juaristi, Felipe
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Juaristi, Felipe

Argitalpena:
Hegats.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
90-92

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Sweet surrender errendizioa

 

Juaristi, Felipe

 

 Behe lainoa zeruaren begietan.

 Hodeiak mozorrotzen dira beltzez.

 Hiletetara doazen emakumeen antzu.

 Elurra egingo duela diote zentzumenek,

 iazkotuak dagoeneko, erreuma eta hezueriaz minez,

 gorputza, galeoi aspaldiko baten kaskaroia.

 Ez dute lorerik sasoi honetan plazako ezkiek.

 Begiratzen ditu leihoko kortina bordatuen atzetik,

 haien forma monotono eta zehatzak, biluziak,

 horirik gabe, negu eta tristeziara eginak.

 Beste kolore bat burura dakarren margo otzan hori.

 Beren burua estraineko eguzkiari eskeiniz.

 Suge gorriaren moduan:

 geldi eta zabarra.

 Bakardade haizea bezala mendebaldetik

 datozen trenen haiduru.

 

 Geriza gorriak, eguteran abaildutako arboletatik.

 Horrela erortzen ari, ezari-ezarian ari txintak.

 Oraindik goizegi garretan zabal daitezen.

 Urtaro aurreratua, mendi gainak txuriz okiturik.

 Katu ixilkaria ardatzean dago.

 Ernagabeko negua. Gogorik eza.

 Poliki-poliki jazten ditu mahonezko prakak,

 lihozko atorra, larruzko sandaliak,

 igandetako jaka, klabelin eihartua ojalean, sonbrerua,

 mugimendu mantso etengabetan.

 Behatz nagiez laztantzen ditu ohe-gaina, izarak,

 ametsen mundu kiribildu agortua,

 behatz nagiez estaltzen gaueko hondarrak.

 Ateratzen da igandero bezala.

 

 Berrogeitamar urtetatik hona.

 

 Harrizko bankuak daude ezkien magalean.

 Goroldioak zikintzen ez dituenak.

 Labain eta urrunak iragaiten dira elizkoi geldoak,

 ezkutatutako eliza batetik jaurtiriko ezkilotsak.

 

 Berarekin eseritzen dira beste bi lagunak;

 bero bila diren hiru sugelingera,

 pipa zaharra izekiz.

 Hotzaren hatsa eta berena nahastuz

 espazio fresko eta irekian.

 Ez dira mogituko.

 Denbora da beraien baitan paseari.

 Lurra jo zuten behin batez

 sirena batek zorabiaturik:

 ilaia gaztain ikara, ezpain gorriak, azala xuria.

 Begiak marroiak, izenik ez.

 Beraiena izan zen inorena izan gabe.

 Horregatik elkartzen dira igandero.

 

 Berrogeitamar urtetatik hona.

 

 Konkista hura oraindik gogoratzeko.

 Banan-banan erori ziren haren eskuetan,

 leku hartu haren bihotzean.

 

 Orain berrogeitamar urte.

 

 Hirurak batera utzi zituen.

 Horregatik ospatzen dute.

 Eguraldiaz mintzatzen dira.

 Sentitzen dituztela bizkarrezurreko mina, paralisia, ospelak.

 Urtaroa aurreratua. Laster xurituko du hiria.

 Haruntzago, mutilak, soka saltoan jolasten,

 ondo banatutako farolak, damatarako moduan.

 Itzalita, urkatokiak dirudite.

 "Ez pentsa hori" oroimenera dakarkie beste hura,

 logelako sapaitik bere edertasuna zintzilikatu zuenekoa.

 

 Orain berrogeitamar urtetatik hona.

 

 Emakumea maite izan zutenean bezala.

 Pipak itzali eta tabako holandarra ahitu arte.

 Farolak piztu dituzte.

 Itsas muturreko argien moduan distiratzean,

 kurloiak itsutzen dira.

 Begiak ez dituzte trote askotarako.

 Badoaz ondo irabazitako bakardade berenera

 hiljantzia bihurtuko zaizkien izara artera

 inongo ametsak kiribiltzen ez duen ohera.

 

 Aurreratuta dabilen negu honetan.

 


inprimatu