Pekatu zelaitik
Jauregi, Koldobika
Yesus, pekatu-zelaitik
zauriz t'odolez yosirik,
ba-nator berriz Zugana,
Yaun errukior laztana.
Lore politak usaitzen,
mitxirrikak gora uxatzen,
masusta beltzak yan ta yan,
nenbilen alai yolasan.
Belartzan ixil sugeak,
egan miru ta beleak...
Zauriz yosita azkenetan
utzi niñuten belartzan.
Zutzaz oroituaz ordun
biotzez dei-egin nizun
t' entzun nun Zure txistua,
Zure maitasun-oiua.
Aldendu ziran sugeak
ta iges yun miru-beleak.
Nekez yeiki, ta errenka
abiatu, Zuri deika.
Txistu ta txistu Zu berriz,
nun zeunden adieraziz.
Emen naukazu negarrez,
sutan damutasun garrez.
Sendagile biozbera,
Maitale errukitsu zera...
Ez, ba, asarretu... Barkatu...
Nere zauriok sendatu.
Ergela naiz, kaxkariña...
Ez naiz maite-musu diña.
Aur biurri ezikaitza
mezi det Zure esku latza.
Senar maitale antzera,
nekin gaur-arte izan zera
laztan gozoz t'ezti-musuz
nere biotza urrumatuz.
Nik, Zugandik iges alai...
Zu, berriz, beti nere zai.
Nolaz nauzu ainbat maite?
Ain gaiztoa ni, noiz arte?
Beiñe ez nedin Zugandik yun,
nedin Zure maite kutun,
Zure gurutzean lotu
nazazu gaur estu-estu.