Nere eresia
Jautarkol
Umetandikan
nekin daramat
eretsitxo bal
biotzean:
udazkeneko
illuntze baten
nabaitu nuan
barrenean.
Itzez jantzita
azaldu nairik
ekin det baña...
alperrikan.
Nere barrendik
irten nai ez du,
an bizi nai du,
bakarrik an.
Antxe bakarrik
abestu nai du
nere barrengo
eresiak:
netzat bakarrik
izango diran
itzik gabeko
olerkiak.
Olerkariak
betzak bakarrik
gordeta dauzkan
olerkiak:
abestu nai ta
itzez abestu
ezin dituan
abestiak.
Eresi ori
zer dan neonek
ezin esan det
bertsoetan;
bakarrik esan
agian leike
aingerutxoen
izkuntzetan.
Itxaropenak
bezela goruntz
egan nai luken
nai samiña;
biotzak beti
musuka bekin
euki nai luken
atsegina.
Nere barruan
berez sortuta
jaio dan lore
usaiduna;
nekin bizi ta
nekin ilko dan
amets alai
eta illuna.
Udaberriko
egunabarran
antzeko argi
gogozkoa,
ta illuna, negu
gorrieneko
gau edurtsuen
antzekoa.
Ezerk asetzen
ez dun alako
barrengo gose
zerukorra;
irudimenak
laztandu nai ta
ezin dun amets
illezkorra.
Edertasunak
biotz-barruan
sortzen oi-duan
egarria...
orixe da, ba,
ta askoz geiago
nere barrengo
eresia.
Ez zaitez, arren,
iñoiz ixildu,
ene eresitxo
euskalduna,
orain bezela
beti izan zaitez
netzat eztia
ta laguna.
Zu izango zaitut
bizitz-gauetan
maitasunezko
illargia;
nere biotza
izango zaitzu
seaska bero
ta illobia.
Biok, ba, ixillik
poz-naigabeak
esan ditzagun
bat-batera...
Nere biotza
iltzen danean
zu ere bertan
ilko zera.
|