Heriotzeaz
Izagirre, Koldo
I
Ni,
gizon-gizonen-bat
"heriotzerako izakia"
nigan bizi den
Ni-a
bizitze-ekuazioaren
X-a
-nor haut ni?-
agian
hilik
argituko dena.
II
Ba dakit
gezurra diozuena
ni hiltzerakoan
inundik ez zintzilikatu
izarra
errespetoz mutuko dena
haizea urtuko
isiltasuna erabat isilduko
ta
mundu bat itzaliko zaizuena
ni hiltzerakoan
sekulakotz.
III
Heriotzea,
berri zaharra,
hire besarkadaz
ene bizitzea sekulakotuko duk,
betiko
eta
inoizko
izanen nauk,
amildegi,
eta
gailur;
ni hiltzean
ene bizitzea jaioko duk,
hire besarkadaz,
heriotzea.
IV
Oi, gauaren luzea!
Eskua jasoko dut,
hilarria baztertuko,
neure begi-zuloek
izarrak
lau
bat
bi
zazpi
edanen dituzte
hor nunbaiteko iturritik.
Oi, haren iluna!
V
Arnasa lurrez asetuko didaten
aingeru-irudi dantzari geldien
eskuetan,
ezereza besarkatzen zuten eskuetan
ikusten ez ziren harpak
apurtu ditut,
harpa
esku
aingeru
ezerezak.
Inoiz ez izanaren
oroimen-amildegian,
neure Ni-aren hotsak
hutsa putzura jaurtiki artean...
VI
Ezin bada kantatu
bizitzeari,
ezin bada bizitzetik
bizi,
hil gaitezen beragatik!
VII
...eta egunen batez
odol-hasperenetan
hain traidora dudan
arima hau
erdituko dut
oinazearen oinazez...
|