inprimatu
Lafitte jaun Kalonjeari
Izenburua:
Lafitte jaun Kalonjeari
Sinadura:
Itzaina, Michel (Errola)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Itzaina, Mixel

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1967
Argitalpenaren urtea:
Alea:
900.zk.
Orrialdea:
4

Lafitte jaun Kalonjeari

 

Itzaina, Michel (Errola)

 

 1

 

 Isentsatzea nahiz Jainkoak duen bakarrik merezi,

 Zure baztertze hoi, Aita Lafitte, ez daike ixilik utzi.

 Hoinbertze urtez gaituzu eta eskuara garbian hazi,

 Gu Eskualdunen agur beroa ez duzia irabazi?

 

 2

 

 Bihotz haundiko gizona eta apeza zira errotik,

 Amodio-an sinetsi duzu jakintsun izana gatik.

 Zendako zinets? Nork du zuk baino ikertu barrenagotik?

 Zuk sinetsi-ta, guk sinesteaz ez dugu ahalgetzerik!

 

 3

 

 Eskuararikan ttiki ttikitik ez zautzuten erakutsi,

 Hogoi urtetan goiti zinazan zinuelarik ikasi:

 Bertze batzuek diotelarik: «dezagun eskuara utzi!»

 Hortan berean gelditzen zira Eskual-Herriko iguzki.

 

 4

 

 Nor da den oroz zuk bezalako jakitatea daukanik:

 Pilota nola sortu zen eta dantzak heldu diren nundik...

 Gizonen idai-mota guziak baderakizu errotik,

 Zer du Jainkoak eman munduan behatu ez diozunik?

 

 5

 

 Maitatu duzu mundu guzia, maitatu Eskual-Herria,

 kin agortuzkoa daukazu zure eskual egarria.

 Goiz eta arrats begien bixtan haren arpegi garbia,

 Nola maitea maitearekin bizi guzikotz jarria.

 

 6

 

 Idaien gune ta bidexketan, nola urean aingira,

 Harrigarriki iratzarrian, erakusle gaitza zira.

 Sokraten gisan zonbat ez duzu zuk sortarazi egira?

 Zinaudelarik goi graziaren lan ixilari begira.

 

 7

 

 Gau eta egun ixil lanean, erle ulia bezala,

 Izpiritua xorrotx eta hotz, miatzen mundu zabala.

 Zilatu gatik mundu huntako edergailuen azala,

 Atxiki duzu haurrak deraukan loriatzeko ahala.

 

 8

 

 Herria eta ahulen aide gazterik gerlan lotua,

 Haundikerian ez da alatu zure urteen kantua.

 Bai eta zuhaur pobre geldituz, nahiz dohainez hauntua,

 Bizi osoaz beiratu duzu zure haurreko hautua.

 

 9

 

 Etsaiak ere ukan dituzu, izan zaikena bertzela?

 Sobera argi sortua zira, hartzeko denen modela.

 Eta gainerat su gaitza dauka zure eskualdun odolak,

 Itzala ere haundiago du, haundiago den arbolak.

 

 10

 

 Barkamendua galdatu duzu «Herria»-n hoin umilikan,

 Ez da munduan hori emanen ez dautzun eskualdunikan!

 Gure bihotzek ez dute egun, Aita, bertze otoitzikan:

 Eskual izarra argitan zauden luzaz eskual zerutikan!


inprimatu