Atoz nire etxera
Iturbide, Amaia
Laztantzen edo esku artean minez goratzen dut kopa
eta denbora izoztua edaten enbaxadore baten dotoreziaz:
Koparen kristalak zauri leuneko
bi begi hondoen irudia itzultzen dit.
Zeruari zerbait galdetzen diot baina ez dit ezer erantzuten:
Lurrak gauero limoi-urez garbitu beharreko mozorroa dirudi:
barrea, batzutan eskarmentudun andrearena du,
besteetan neskatilarena,
begirada, baso otso samurrrarena,
ilunabarren intensitateaz nagitzen denetakoa,
mintza, ezko iraunkorra,
defentsarik gabe bizi izan denaren kolorez tindatua.
Eta estali hauen artean gu biok,
artista-birika inmensoena bezalako espazio baten barruan.
Atoz nire etxera eta beitu
bakardade zurian eraikitako horma hauek;
gelako hormak, ene poemenak berak, lau aizeetara hedatuak dira
goiz-lotsa eta amas ahuleko lepoen aieruz eginak
ilargi betean azala minberagotzen zaienetakoak.
Neurri zehatzean hurbildu eta leihoa zabaltzen dut
adoleszenzia garaiko diarioa zabaltzen den ikusmin arretatsuaz.
Beste arrats-behera bat zintzilikatu zait sorbaldaren paretatik.