inprimatu
Lazkao-Txiki
Izenburua:
Lazkao-Txiki
Sinadura:
Iraola, Rufino (Elorri-Arantza)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Iraola, Rufino

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1975
Argitalpenaren urtea:
Alea:
656.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Lazkao-Txiki

 

Iraola, Rufino

 

 Kabi batean sortu ote da

 inoiz holako pistirik?

 Bertso batzukin nola goraldu

 merezi duen guztirik?

 Batzutan farrez jarriko gaitu

 bestetan malkoz bustirik,

 baina etzaigu sekula arrotz

 txori horren abestirik.

 

 Moko ttenttea, kantari fiņa,

 apala eta iaioa;

 dudarik gabe mundu hontara

 bertsotarako jaioa.

 Beti motxegi gertatutzen da

 Joxemigelen saioa

 Inor badago zu baizaudela

 zeure merituz ioa.

 

 Hiztun goxoa, buru argia

 ez da ezertan makala

 Bertsoarekin serbitutzen du

 Euskalerriko hegala

 Euskerarentzat langile ona

 bihotz ta esku zabala

 Txiki handirik munduan bada

 horixe bai hala dala.

 

 Bere bizia itsatsia da

 Herriarengan ziharo.

 Lazkao-Txikik egun bat ere

 ez du alferrik igaro.

 Gure baratzak eman dezala

 frutu hontatik oparo

 Bertsolaritzak Euskal lurrean

 iraun dezan txit luzaro.

 

 Zuk jazten dezu eta osatzen

 gaurko bertsolari lista

 Arrazoietan pauso zuzena

 inoiz ere ez irrista.

 Etorriz, berriz, nolakoa dan

 esanda ezin sinista.

 Eta inori ziriak sartzen

 berdin gabeko artista.

 

 Txikia baina etzaizu falta

 bertsotarako sasoirik

 Mizto zorrotza hizketarako

 baina ez dauka pozoirik.

 Ez da ezagutzen etzaituen

 xagu eta arratoirik.

 Euskalerriak zu omentzeko

 ez du falta arrazoirik.

 

 Bilduko gera zure omenez

 lagun eta kidekoak,

 lehendabiziko Astorian

 eta gero gerokoak

 Bertsolariak izango dira

 gradu handienekoak

 Baina gehienez zu Joxemigel

 zeu zeraden hainekoak.

 

 Ez da faltako umore onik

 algara eta txisterik

 bere ondoan bildutzen denik

 ez da egongo tristerik.

 Baina denentzat ez da izango

 leku lehor bat ixterik

 ta ez dut nahi zita hortara

 berandugi irixterik

 

 Urbia dala bazkaitokia,

 jendeak esan digunez,

 hura mahia osako dena

 adiskide ta lagunez;

 Herri osoa zu besarkatuz

 laztan goxo ta bigunez;

 joaten denik ez da aztuko

 han pasatako egunez.

 

 Nik hamar bertso sumatu ditut

 noizbait, ibilin, ibilin.

 Hauzotar batzuk geranez gero

 omen bat nai nion egin

 Jakin dezala bere bizitzaz

 zer pentsatzen dan Olegin

 Gora bihotzez Joxemigel da

 bere sortetxe Abalin.

 


inprimatu