Mixel Monaco Ilarragorri bere lagun zenari
Aire, Ferdiand
1
Nahi gabea dut gaur kantuan gidari
Lagun batek erranik Agur munduari
Penaren agertzeko eman naiz kantari
Hau laket baitzizaion lagun zenduari.
2
Penetan da etxea, penetan auzoa,
Horiekin batean herri bat osoa,
Gizon baten galtzea ez baita goxoa
Guziz gizona baitzen zu bezalakoa.
3
Zure omore onak, zuzenak, Fedeak,
Eginak zauzkizuten orotan maiteak
Ehorzketa hartako eliza beteak
Ongi finkatu ditu zure bertuteak.
4
Sekula egin gabe kontrako urratsik,
Kantuz salbu ez duzu egin arrabotsik
Ez duzu zuk nehori nehoiz egin gaitzik
Etzinuen etsairik bekatua baizik.
5
Irakurri gaberik nehoiz liburuan,
Eskual kanta guziak zintuen buruan,
Kantatzen zinaizkigun xorien moduan,
Beti primadera zen zure inguruan.
6
Nehor ez mespretxa ta denak kantuz xora„
Bertzerik etzizaitzun etortzen gogora,
Lanean jarraik eta Jainkoa ohora,
Aberatsa zen zure lurreko denbora.
7
Miraila bat izana zarela munduko,
Horra kontsolamendu berri bat zeruko
Zure seme alabak hor daude lekuko
Zuk eman etsenplurik ez dela galduko.
8
Zu ardi leialena gure artaldean,
Xori kantariena gure oihanean.
Hartu zaituenean Jainkoak aldean,
Jar-arazi zaituzte kantari taldean.
9
Zuk bezala sinetsi duenak lur huntan
Sineste beharrikan oral ez baitu han
Eni behar dautazu dohain hori eman
Zuk ikusten duzuna ikusi dezadan.
10
Horra pertsu berriak zur'amodioan,
Moldatu ditut, Mixel, zu joan ondoan,
Oraino gehiago baditut gogoan;
Ekarriko dauzkituz horraratekoan.