Baigorrin: Nafarroaren eguna
Harinordoki, Jean L. (Laka)
1
Nafarroan desberdin de bizi moldea
Bi aldetan ibarra, menditsu artea
Tudela ogi alor zabalez gordea
Bertze izkinan aldiz Aiherra berdea
Denek edertasuna badute ordea.
2
Baigorriko ibarra, mendien artean
Ardura egonki da ixiltasunean
Aurtengo maietzaren azken igandean
Mendiz bertze aldetik jendea ostean
Gure herrirat sortu da alegrantzian.
3
Baigorri, zenbat ziren zuŕ atsegingarri
Plaza hole betea denean ageri
Egun gehiago deus ez zait lotsagarri
Gazteria jarraiki zaitzu kulturari
Nafarroaren puskak josirik elgarri.
4
Nork ez du miretsiko ikusi duguna
Nafarroa guziko dantzari-eguna.
Egun bat gogoetan geldituko dena;
Egintza guzietan xoragarriena:
Probintzien artean dagon batasuna.
5
Bertze lekutan euri, Baigorrin iguzki;
Jainkoa gure lagun baitzagon segurki.
Hastetik bururaino denak euskaldunki
Nola iraganen zen ainitzek jakinki,
Hola ere zonbaitzu etxean egonki.
6
Jai aldia goizetik arretserakoa
Euskaldun guzieri erakustekoa
Hainbat nafartar beten zen ikustekoa
Probatzeko hau dela hitz egiazkoa
Lekukotzat hor dago Oilandoi kaskoa.
7
Antolatzaile oro izanik suharrak
Baigorrin guk ditugu harrotu bazterrak
Mendi gainetan barna zer soinu ederrak
Plazan ziren guzier bihurtuz eskerrak
Desir dut goxatzea holako egunak.