Aitona zaharra
Gesalaga, Jose Antonio ("Zaldubi")
1
Larogei urterekin
bizi naiz nekean,
nahiz eta orain arte
jardun jo-ta-kean,
bizitzak azkenean
jarri nau pakean,
baina azken hobea
izan zitekean,
hil arte bizi nahi dut
Jaunaren pakean.
2
Orain artean ez dut
izan pobrezarik,
inoiz pasatu arren
goibel bajezarik,
sekula ez dut eman
ezeren kexarik,
bizitzak neretzako
ez du sorpresarik,
orduen joanerak
ez bait du presarik.
3
Esnatzean oraindik
daukagu iluna,
ta nekez argitzen da
hurrengo eguna,
leihotik artizarra
beti dut laguna,
isiltasuna bait da
maite ezaguna,
izarrak daki elkar
maitatzen duguna.
4
Seme eta alabak
hazi eta hezi,
baina ezkondu ahala
guztiak berezi,
orain gure artean
bada hainbat hesi,
zahartu naizelako
dabiltza ihesi,
horrela baztertzerik
ez nuen merezi.
5
Nere telefonoa
hor dago isila,
nahiz ustezko lagunak
nik eduki pila,
erlojuak darama
pausaje trankila,
eta ez naiz joango
heriotzan bila,
Jaunak nahi duenean
itzali nadila.
6
Sarritan egoten naiz
suari begira,
edo balkoi ertzetik
aurreko mendira,
edo bastoiarekin
jira eta bira,
baina inor ez dator
nagoen tokira,
ni hiltzen naizenean
etorriko dira.
7
Inor ez zait hurbiltzen
goxoki ondora,
eta ahaideak dabiltz
gerotik gerora,
nahiz eta nitaz jardun
ahotik ahora,
bakardadea sartu
zait gorputz osora,
inoiz irrifarrerik
ezin zait birlora.
8
Denak aspertzen ditut
nere oroimenez,
nahiz-ta esanak esan
asmorik onenez,
bakardadean nago
negar itomenez;
guztiak nere aurka
aurkitzen direnez,
arren pakean utzi
hiltzen gutxienez.
9
Edonon begiradak
dakuskit zorrotzak,
non-nahi entzuten ditut
zurrumurru hotsak,
bakarrik pasa behar
momento mingotsak,
abegi hobea du
sarritan arrotzak,
neure etxean eta
jan behar nau lotsak.
10
Zahartzaroak egin nau
tristuraren jabe,
eta,nere pausoak
mantsoturik daude,
oraintxe aurkitzen naiz
bizi pozik gabe,
non-nahira joan eta
guztietan sobre...
bizirik irautea
baino hiltzea hobe!
|