Orrilla
Zubigar
Belardietan belarrak oriei...
zuaitz guztiak
orriz beteak...
ta arantza zorrotz bildurgarriak
dira samurtu
eta guritu.
¿Nun dira orain arantz zorrotzak?
¡kiskurtu dira
bai, bai begira!...
zorrotza zan len ¿eta orain zer du?
asi da aultzen...
ez du zulatzen.
Lenago orren sasi latza zan
ta orain leguna...
oso biguna
orra bada orain; jarri nayean
txori gaxoak
kabi goxoak.
Larri dabil bai txori maitea
sartu batera
eta bestera
¡¡txori gaxoak atseden nai du
antxe gordean...
arrautz gañean!!
Txoritxo ama sasi tartean
an dago bildur...
ixil ta kuskur;
laister degu ba bere azpian
sendi berria
berak jarria.
Mutil koxkorrak erne dabilki
bere begia...
nai du kabia;
osteguna da ta arratsaldean
bai du billatu
ta ez du arkitu.
Ituna dago mutil koxkorra
kabirik ez du
gaur arrapatu
etxeruntz dator eta bidean
kilkerra kri kri
baña ez da ageri.
Ixil-ixillik kilker zuloruntz
ba'dijua, bai
berak zerbait nai
baña kilkerra ixildu zaio
ta da alegintzen
zulo billatzen.
Arkitu dio zulotxoa ta
ez da aspertzen
au zirikatzen
kilker gaxoa apal-apalik
nai ta ez bada
kanporatu da.
Txapel barrura sartu ta kri kri
asten da abesten
ta ez da ixiltzen;
mutillak zerbait poztu ta dio:
"kabirik ez ¡ai!...
kilkerra orde bai".