inprimatu
Mater Dolorosa
Izenburua:
Mater Dolorosa
Sinadura:
Garbi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Garbi

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1922
Argitalpenaren urtea:
2
Alea:
51.zk.
Orrialdea:
1

Mater Dolorosa

 

Garbi

 

 Judar dongeak, erruki gabe,

 Josi zuten gurutzian

 Zeru ta lurren Jaun ta Jabea

 Lapur gaiztoen erdian.

 

 Ama zegoen zutik, nekatsu,

 Gurutzearen oñean

 Ikusirik ¡ai! illotzik Jesus

 Zuru-lurraren artean.

 

 ¿Nork eman dio eriotz ori

 Zeru ta lurren Jaunari?

 ¿Zergatik, Jauna, epai beltz ori

 Ematen dizute zuri?

 

 Jesus laztanak jayo ezkero

 Etzun egin gauza txarrik,

 Bere lagun ta etsai artean

 Gauz-onak ugari baizik.

 

 Maitetasunak ekarri zuen

 Ludi ontara zerutik,

 Gizon guztiak azkatutzeko

 Deabruaren menpetik.

 

 Maitasun onen erakuspena

 Izan dezaten guztiak,

 Agertzen ditu maiz ta ugari

 Egipen arrigarriak.

 

 Illak berpiztu, argitu itsuak,

 Baita gaixoak sendatu,

 Toki danetan on-beartsuei

 Zorion asko zabaldu.

 

 Gauz-onak baizik, egin ez arren

 ¡Au bai dala epai beltza!

 Bere erritarrak eman diote

 Gurutzeko eriotza.

 

               * * *

 

 Goazen irudiz Kalbariora

 An dago Jesus zintzillik

 Gorputz guztia zauriz beteta

 Burua arantzaz josirik.

 

 Esku ta oñak, odol jario,

 Abe baten illtzaturik:

 ¿Nor egon leike negarrik gabe

 Jesus orrela ikusirik?

 

 An arkitzen da Jesus'en Ama

 Gurutzearen oñean

 Samintasunez, estu ta larri,

 Seme laztana ikustean.

 

 Begira zagun, nola dagoen

 Maria guztiz garbiya;

 Bere atsekabe ta biotz-miña

 Benetan da izugarriya.

 

 Egaria det: dio Jesus'ek:

 ¡Ta ezin eman asegairik!

 ¡Ama gaxua! ez du edarik

 Begiko malkoak baizik!

 

 Ama laztanak entzuten ditu

 Semea'ren dei larriyak;

 ¡Ai! bañan ezin! ¡ezin arindu

 Aren neke izugarriyak!

 

 ¡Au bai tamala! ¡au bai samiña!

 Iñolare ezin lagundu!

 ¡Ill bear zayo Seme laztana!

 ¡Ill bear ta ezin laztandu!

 

 ¡Guzia egin da! ¡Dana bete da!

 ¡Ill da semerik onena!

 Bere ondoan, or dago zutik,

 Amarik larrituena!

 

 Gogartu zagun Kalbariyoa

 Ta ikusi irudimenez

 Gertaerarik goibeltzuena

 ¡Jauna'ren Ama negarrez!

 

 Begiratu, bai, Kalbariora;

 An gure Amatxo laztana;

 Zutik, neketsu, bakar-bakarrik:

 Goazen, bada, beregana.

 

 Ta auzpez jarririk bere oñetan,

 Lagundu bere oñazean,

 Bere laguntza izan dezagun.

 Bizi geraden artean.

 

               * * *

 

 Bai, Amatxo, bai; oroitu gutzaz;

 Lagundu ¡Ama gaxua!

 Ta azken orduan, gure aide, Zuk,

 Otoi ¡Ama neketsua!

 


inprimatu