inprimatu
Jainkoa eta haurrak
Izenburua:
Jainkoa eta haurrak
Sinadura:
Etxezarreta, Jesus M. (Izazpi)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxezarreta, Jesus Maria

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1970
Argitalpenaren urtea:
Alea:
399.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Jainkoa eta haurrak

 

Izazpik

 

 -1-

 

 «Jainkoa eta haurrak» dirala

 badira milla iritzi,

 ta batengandik besterengana

 dago ainbat diferentzi.

 Mudantza asko nola datozen

 onuntz biar edo etzi,

 argitasunik dadukatenak

 eman gabe ezin utzi.

 

 -2-

 

 Gaur, zenbat buru ainbat aburu

 gizonak nola dituzten,

 nik neronena agertu nai det

 baldin badidate uzten.

 Ikastolatan utsune latza

 askok dutela ikusten,

 andereñoak religiorik

 ez dutela erakusten.

 

 -3-

 

 Apaiz askori abogadutza

 eskatzen degu oitura,

 ta bakoitzari eskatu bear

 tokatutzen zaion ura.

 Andereñoen eginkizuna

 zer dan gaitezen kontura,

 obligazio bakarra dute

 euskeraz eman kultura.

 

 -4-

 

 Zertako jardun religioa

 erakusteko esaten,

 ortan ezjakin baldin badira

 aldrebes egin dezaten.

 Andereñoek lezaken dana

 garbi esanik itz baten,

 euskera ongi erakutsi ta

 persona onak izaten.

 

 -5-

 

 Denda batian klase guziak

 saldutzen ziran lenago,

 ta orain berriz, klase bakarra,

 ikusten asita nago.

 Andereñoei zertan eskatu

 dakiten baiño geiago?

 Religioa erakusteko

 Eliza ortako dago.

 

 -6-

 

 Beste nazio batzutan ere

 gertatzen dira kasuak,

 izparringi ta liburuetan

 or dauzkatzute jasuak.

 Religioa erakutsitzen

 egin alegin osuak,

 baiña ortako kargua dute

 Eliza ta gurasuak.

 

 -7-

 

 Religioak bere maixuak

 bazter guzietan ditu,

 baiñan gu ezin besteren maillan

 iñoiz ere errenditu.

 Zer gertatuko zaiguan guri

 beiñ betirako aditu?

 Dana aiñ ona nai degu eta

 batere gabe gelditu!!!

 

 -8-

 

 Guraso danak katolikoak

 ditugula emen kasi,

 Jainkoagatik! nik ez nuke nai

 gai ori aztertzen asi.

 Toki guzitan bezela emen

 danetikan gaude nasi,

 gure alderdi ta utsuneak

 ezagututzen ikasi.

 

 -9-

 

 Aiñ kristau zarrak giñala uste,

 betidanik sinismendun!

 Euskalerriko kondaira ontan

 gaizki ikasiko gendun.

 Esaera da, berdin dirala,

 Euskaldun eta fededun,

 ia burutik al dan azkarren

 «mito» au kendutzen degun.

 

 -10-

 

 Aurreratzeko, mitoak utzi,

 komeni da berritzia,

 Zeiñi gustatzen zaio betiko

 baztertuta gelditzia.

 Gauza ederra bakoitzak bere

 sinismena eukitzia,

 erespetatu dezagun beintzat

 bakoitzaren iritzia.

 


inprimatu