inprimatu
Itxaropenarenak
Izenburua:
Itxaropenarenak
Sinadura:
Etxezarreta, Jesus M. (Izazpi)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxezarreta, Jesus Maria

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1067.zk.
Orrialdea:
41

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Itxaropenarenak

 

Etxezarreta, Jesus M.

 

 Bizitzaren bi aurpegi,

 aldakorrak errezegi;

 kantatzea dut zilegi.

 Pozkidak labur, saminak luze

 bihurtzen badira egi,

 gurutzea astunegi,

 gertatutzen da maizegi,

 baina heldu eta segi.

 

 Mingaina daukat kantari,

 eta bihotza jauzlari,

 poza dutela nabari.

 Herri triste bat gerala beti

 esaten dihardunari,

 eskerrak eman jaunari,

 eta berdin bizitzari,

 bada arrazoi ugari.

 

 Egunsenti pozgarria,

 eguzkiak ekarria,

 guk gozatzeko jarria.

 Loak uxatu, sendi maitea,

 badator egun, berria

 semetxoen far-irria,

 eta kariño garbia,

 dira munduko argia.

 

 Ardiak goiztar larrean,

 goiko mendi bizkarrean,

 eta zugaitz adarrean,

 bi birigarro amodiozko

 beren kantu ederrean.

 Hau ikusirik aurrean,

 aitortu derrigorrean:

 «Ez gaude leku txarrean».

 

 Itzasoa bare bare,

 uhinik batere gabe

 zingira mantsoen pare.

 Gure arima, lilura barik,

 edertasun hauen jabe,

 baina sarritan halare,

 ustez gera dohakabe,

 ta triste bizi gerade...!

 

 Pozaren haide tristura,

 negar malkoa ezkura,

 da bizitzaren mixtura.

 Zorionaren une goxoak

 behar ditugu-eskura,

 ta goibel dagoen hura,

 dohakabeen modura,

 etorri bedi kantura.

 

 Bi amorosen dirdira,

 beti elkarri begira,

 begietako ninira.

 Maitasunaren lore politak

 zimelduko ez balira...

 maiteminduen segia,

 bertsotatik olerkira,

 hain zoragarriak dira...!

 

 Ez zaite izan alperra,

 landuaz zeure bazterra,

 harriangatik, sobera!

 Zapaldurikan daudenak jaso

 eta zuzendu okerra

 gorrotoa eta gerra,

 otoi, mesedez, desterra!

 Oi! bizitzaren ederra!

 

 Herri mendratu bat hola,

 ixuriz bere odola,

 zertaz poztu eta nola...?

 Yainkoagatik! nik ere badut

 herri minaren axola,

 baina ez ahantzi inola,

 txoriak preso dagola,

 alaitutzen du kaiola.

 

 Esaerak dion legez,

 penak sortzen dira errez,

 algara gozoak nekez.

 Haundizki eta pobreak berdin,

 gaur zerbait... bihar ezerrez.

 Erruki eske mesedez,

 ta laguntzarik inon ez,

 hori etortzen da berez.

 

 Sortu ginenak biluzik,

 ez dugu beste amesik,

 tristeak alaitu baizik:

 Gure munduko egunak dira

 gehientsunak geza-gazik,

 ez da loteri errezik,

 baina sufrimentu ezik,

 ez dago munduan pozik.

 

 Nahasturik datozenak,

 dira pozak eta penak,

 guk dastatzeko daudenak.

 Alaitu denok, zapaldu eta

 asperenez zaudetenak,

 herri baten etsipenak,

 uxatzen dizkigu denak,

 biharko itxaropenak.

 


inprimatu