Andragaiekin nabil
Izazpik
-1-
Andragaiakin nabil
amabi urtean,
ia erretirua
ez du apartean.
Ezkontzarekin beintzat
ez naiz suertean,
aguantatu bearko
degu bitartean,
bizi leku bat nunbait
erosi artean.
-2-
Ai! zenbait buruauste
«pixu-erosteak»
ta gero bear diran
mueble ta trasteak.
Geroarekin ez du
pentsatzen gazteak,
baiña ez du balio
itxuan asteak,
konturatu zaitezte
nerekin, besteak.
-3-
Zortzi milla pezeta
illeko jornala,
kontuak aterako
ditut bereala:
gutxienez erdia
mantentzeko dala,
gero jaztea eta
gastuak dirala...
sobratutzen dan pilla
ez dezu makala!!!
-4-
Gaur pixu batek daukan
prezio-tamaiña,
ez da langillientzat
jarri, alajaiña.
gaiñontzeko gastuak
geroko ordaiña,
ezkonduko nintzake
pozik asko baiña,
ortarako bear det
Onassis-ek aiña.
-5-
Zenbait paseo triste
erriaren bueltan,
animatutzen giñan
goiko errebueltan;
Andragaia noiz dagon
goibel edo altan,
nik antz ematen diot
arpegiko plantan,
ez gera ezkonduko
ezagutu paltan!!!
-6-
Lengoan pasatu dit
azken abixua,
aurten ezkondutzea
dala prexixua.
Anima ondoraiño
sartu zait izua,
konprenditu zaidazu
andragai gaixua,
nundikan kontsegitu
bear det pixua...?
-7-
Etxera ezkontzea
nai naute beartu,
gurean kanpokorik
ezin leike sartu.
Gurasoak edadez
naikoa zabartu,
petralkeri asko ta
jenioa txartu,
inpernu ontan nola
aingeru bat artu?
-8-
Artu zazu erraiña
gona motz motzakin,
igual jarriko zaizu
modako galtzakin;
Gero berak naiko du
diruan poltsakin,
laister joko lioke
buruan pertzakin,
nere amak dituan
bibote beltzakin!!!
-9-
Baldin diru gutxikin
badezu kartera,
etzerade juango
oso apartera.
Gauz danak garestitzen
urtetik urtera,
sartu baiño lenago
inpernu batera,
bizimodua zer dan
kontuak atera.
-10-
Soltero gaudenean
zenbat tripakara...!
Gero andreak diru
gutxi patrikara.
Geiegi bete gabe
askotan ijara,
ezkontzari serio
emateko kara,
pentsatzeak bakarrik
sartzen dit ikara.
-11-
Arkitzen ez duanak
pixuan aukera,
laister joko du arek
ijito-legera.
Bestela beintzat beti
gora eta bera,
asmatu eziñikan
geroko jokera,
azkenean bertantxe
ajatuko gera.
-12-
Fiatu zaiteztela
olako andragaiz,
despedida eman dit,
ez da oso garaiz.
Au gertatuko zala
pentsatzen nuan maiz,
ez andra ta ez pixu
orain gelditu naiz,
juan omen ninteke
fraille edo apaiz.
-13-
Oraindik lasai nago
mutilzar ordeko,
igual ni azitako
bainaute gordeko.
Familia azita
ainbat edadeko...
gizona artzen badu
bildurrak mendeko,
mutilzar segurua
eternidadeko!!!
-14-
Edadean sartuak
badu au ta beste,
zergatik ezkontzeko
pentsatu ainbeste...?
Urtietan goraka
baldin bazoazte,
zaudeten bitartean
indartsu ta gazte,
zartu baiño lenago
ezkondu zaitezte.
|