Mattin, izar berria
Esnal, Pello
1
Hura berri, samina, latz eta isila
Etorri zitzaiguna ezkilaz ezkila:
Mattin Ahetzekoa genuela hila
Edo agian joana Xalbadorren bila.
2
Geratu ginenean, Mattin, zure gabe,
Gaua egin zitzaidan bihotzaren jabe.
Kezkati hasi hintzen galde eta galde
Irriak betik'egin ote zigun alde.
3
Itsasoari joan nintzaion galdezka.
Hitz gogoz kendu zidan bihotzeko kezka
«Humorea estaliko duen lurrik ez da.»
Nonbait jarriko zuen Mattin horrek festa.
4
Pozez galdegiri nion mendia'orduan:
«Ikus'al duzu Mattin zure inguruan»?
Honela esan zidan erantzu moduan:
Festa-otsa somatu nuen bart zeruan».
5
Zeru alde begira nintzen gauez jarri
Ta ilargia nuen keinuka igarri.
«Hemen denok dakigu Mattin horren berri:
Izar artean dabil bertso. eta irri.»
6
Pozgarr' izan zitzaidan hura jakitea
Eta bilatzeari gogoz ekitea.
Zeru erdian zaude zu, Mattin maitea,
Izar txikia baina dirdiraz betea.
7
Geroztik egunero iluna heltzean,
Zure bila jartzen naiz gauaren beltzean.
Zerura begiratzen dudan bakoitzean,
Taupa hasten irria nire bihotzean.
8
Ezin gaitezke, beraz, heriotzez mintza
Bizirik dugu Mattin, irriaren giltza,
Izarrak berarekin algaraz dabiltza.
Hara gora begira triste bazabiltza.