Jesus-en biotzari
Echegaray, Karmelo
Biotz barrenen sentitzen det nik
Utsune izugarria:
Utsune ori eziñ bete det,
Naiz bildu mundu guztia:
Baña jartzean gora begira,
Jaunari eskatzen grazia,
Intza bezela, goitik datorkit
Miñ denen gozagarria,
Bukagabeko poza lagatzen
Duen Zeruko eztia.
Ezti gozoa, miragarria,
¡O zenbat nauen gozatzen!
¡O zer atsegiñ bukagabeak
Dizkidan erakutsitzen!
Munduko penak aztutzen dira,
Zerua da ¡bai! urbiltzen,
Jesus-ganako amorioaz
Geradenean sututzen,
Biotz-biotzez «Aita maitea»
Diogunean esaten.
Beragan dago zorionera
Beti daraman bidea;
Beragan dago, argi egiñaz,
Egia lañogabea;
Beragan, ere, gizonarentzat
Bizitza pozez betea:
Izan nai badu, beraz, gizonak
Atsegiñ bukagabea,
Ez du besterik, baizikan izan
Jesusen maitatzallea.