Zakurra eta axeria
Duny-Petre, Pierre (Manech, Manex)
1
Garaziko zakur bat, gure mendietan
Zinezko tripakoia, goizetik zabilan,
Bazkaria nunbaitik beharrez atxeman,
Itzuli ta mitzuli, beti debaldetan,
Ez jakinik zer egin, bana bat-batian
Oilo bat agertu zen bide bazterrian.
2
Berehala zakurra joan zen gogotik
Lasterka tirahala, haren gihiletik,
Oiharzunak harrotuz, saingari loturik...
Sasu batian aldiz, barrandan ixilik,
Axeri bat han zagon, hortzak xorroxturik,
Mutturra luze-luze, beharriak xutik.
3
Berroaren azpitik, utziz bere loa,
Ikusi zien ontsa zertan zen potzoa,
Bai eta zeri buruz zabilan gaizoa.
Hortan, axeriak, ezpaitzen zozoa,
Jauzi gaitz bat eginez, zabalduz ahoa,
Kalitu zien eta... ereman oiloa!
4
Zakurraren orroak, nork ez ditu intzun
«Ohoin zikin debria!... Hirekilan nihun
Ez litakek bakian egin trikun-trakun!»
Axeriak ordian, izanikan urrun,
Irri handi batekin: «Etsai edo lagun,
BIAK OHOINAK GITUK, BANA NI XAPELDUN!»
5
Adixkide maitia, ikusi duk hemen,
Oraiko jende batzu nolakoak diren,
TRIPA, mundu guzian, delarik nausitzen.
Bihotzaren oihua ez baita zabaltzen,
Nola gertatuko da norbait aski zuzen
Erraiteko gizonki tzarkeria nun den?