Aita zuurra eta irur semeak
Dibarrart, P.
Aita batek zituen iru seme bein,
Ekien aur denboran baitzuen atsegin;
Gero eman diote ainbertze biotz min,
On guziez nagusi nai giren egin.
Semeak, mintzo ziren elgar-aditurik:
Aita zaartu zare ez da progotchurik;
Landak eta dirua guretzat utzirik,
Obe duzu bakean deskantsu bizirik.
Zeren falta duzuen errazue aurrak,
Jan edan onak ala soineko ederrak;
Onak zueri utziz dretchoen indarrak,
Nork dauzkit chukaturen ondoko nigarrak?
Aita! zer uste duzu zikoitz batzu garen,
Zeren gatik ginuke nigarrik eginen;
Ait'amenzat umeak biotz onak diren,
Menean eman arte ez duzu jakinen.
Baratze gibeleko elorri churian,
Oatzeto bat zagok lau chori barnian;
To, ek eman detzagun kaiola batian,
Ait'amak az detzaten anditu artian.
Bea zozue orai kaiolan emanik,
Mokoak chabalduak nola dauden andik;
Ait'amak bazkarekin aldean jadanik,
Burasoak aurrentzat ola egiten dik.
Ume ek aski andi egin zirenean,
Kaiolatik zituen igorri airean;
Ait'amak ere artu segada batean,
Eta biak ezarri kaiola berean.
Ikusi ditutzue umeen artatzen,
Bi zaarrek lau gazte kaiolan bazkatzen;
Orai gaztek ait'amak badituzte azten,
Nik ere dauzkitzuet ontasunak uzten.
Semeak asi ziren keinuka elkarri,
Aitaren alki ortan zoin bear da jarri;
Bainan chori gazteak deus gabe etorri,
Eta zaarra gosez kaiolan erori.
Orra zein beratza den ait'amen biotza,
Ume gaichtoek ditek gogor eta otza;
Ortakotz izatu nauk buluzteko lotsa,
Beude ene alkia, landak eta poltsa.
Zeru lurrek ez ditek nioiz makurtzerik,
Gidari dutelakotz Jainkoa bakarrik;
Oro nagusi diren etche batek ez dik,
Betirisantseneko bideaz bertzerik.
Zenbat zaar munduan goizik buluziak,
Laidoen jasaiteko menera jautsiak;
Manatzeko dretchoak bertzeri utziak,
Ongi egin ondoan gaizki ikusiak.