Ume buraso gabea
Darroupe, M.
1
Nor othe dut aita, nor othe dut ama?
Hori jakin nahiak mundutik narama;
Zoin higuingarria
Hain lotsagarria
Baita nere fama;
Hits-aldi huntarik
Nola sendatzerik
Ez dezaket asma.
2
Aditu nuenean seigarren urthean
Kausitu nindutela ur-hegi batean;
Sekulan geroztik
Ezda sosegurik
Ene bihotzean;
Ez zen hain khaltea
Lurpean sartzea
Sortzean berean.
3
Aitaz ere bai baiņan amaz gehiago,
Haren bihotz gogorraz harriturik nago;
Harembat abere
Gaistoenak ere
Dire hobeago,
Munduan bertzerik
Ez dute umerik
Baino maiteago.
4
Aita zurea othe edo amarena,
Zoinek izan zinduten hoben gehiena?
Ha! aita tristea!
Ni beldur zurea
Zela hastapena;
Beraz, zuregatik
Pairatu behar nik
Hunembertze pena.
5
Menturaz sorthu gabe ninduzun ukhatu
Ene ama ez nahiz emastetzat hartu;
Orduan berean
Haren bihotzean
Etsaia zen sarthu;
Harek lagundurik
Burua galdurik
Ninduen botatu.
6
Biziaren goibela bethi gogoetan!
Dakidalarik segur enetzat khaltetan:
Egun bakhotchean
Nahi ber-berean
Gauaz ametsetan
Jauna! ni baitharat
Paira-bide on bat
Zure izenean!
7
Zareten bezalako ene burhasoak
Horra zuen gaizkiek zer ondorioak!
Bat eta bertzea
Hola gerthatzea
Hoin herbal zoroak;
Ama zure gatik
Ditut gehienik
Oņhaze oihuak.
8
Ahantzia nauzula nik ez dut sinhesten.
Baiņan agertze horrek zaitu ahalkatzen;
Bai etsaien lantzek
Sistatu bihotzek
Lan dute sendatzen;
Ene arabera,
Zuri zauri bera
Baitzaitzu gerthatzen.
9
Eritasun handia zer da handiago,
Ezin ukhanaren den gogo mina baino?
Gaitz-horrek hartua
Ezin sendatua
Nola ni bainago;
Burutik utziak
Banitu guziak
Nuke hobeago.
10
Adios aita ama bihotzik gabeak!
Etsaiaren azpiko zareten tristeak!
Azken orenetan
Nigar marrasketan
Gure onhazeak!
Nola harrapatu
Behar othe gaitu
Eternitateak?
11
Oraino, baldin ere bizi bazarete,
Aithor berandu baten ordu zindukete;
Munduko ospeek
Atsegin guziek,
Ahitze bat dute;
Zuen huts handiek,
Oren lazgarriek
Hunki bezaitzate!