Senar-emazteak
Becas, Charles (Harrazpi)
1
Ene auzategian bi senhar-emazte
Bakean bizi dira hasarratu arte;
Guardia elgarrekin behin samurtzetik:
Heien xuxentzaileak lan ona behar dik!
2
Lehenik intzirinka, gero deiadarka,
Gero berriz eskainka, azkenekotz joka,
Horra zer bizi-modu duten maiz segitzen,
Dudarik gabe gostu diote kausitzen
3
Gizonari on zaio zorta bat gorritik,
Emazteari berriz, ttotta bat horitik:
Emaztea ixilka, senharra haltoki,
Bakotxa bere alde dabiltza abilki.
4
Ostatutik lekora, bapo eta eder,
Senharra ez dadila sukaiderat ager!
Guardia eman bezo bere andreari,
Ttottaren ondorio omore txarrari!
5
- Gizon etxe-galgarri, arno edalea,
Ahalke behar huke hola bizitzea!
Haizen bezalakoa, arraila gaizetik,
Hoakit, higuin tzarra, begien bixtatik!
6
- Ene andre gaixoa, ez bada hasarra!
Hi bezalako baten badinat beharra...
Emazte baliosa, eztia, ixila!
Holako bakar batek balio tin mila!
7
- Gizon alfer-tzar, gormant, zikin, itsusia!
Aspaldian nauk hitaz asetzen hasia!
Bethi gerla gorria, sekulan bakerik!
Ifernuan bide duk hi baino heberik
8
- Othoi! Ago ixilik, ene emaztea!
Indan, bai, laster gero bi-arten bakea!
Zer nahi dun, enekin gerla irabazi?
Lehen ere badakin nola hautan hezi!
9
Emazteak orduan hartzen du erkatza;
Eta ximiniatik gizonak laratza...
Batek uma-ahala, bertzeak ai, ai, ai!
Oi, zein eder guduan holako bi etsai!
10
Eltze, zartain, gatilu, oro nahasteka,
Lurrerat artikiak dabiltza jauzteka;
Joaiten naiz jaun-andere heien baketzera...
Umaturik hor naute igorri etxera.