Manech artzaina. Apezgayen adichkide eta ongi egilea
Harrazpi
1
Kantuz nahi dut erran dakitan egia,
Nahiz bera mintzo den ene nigarrez begia.
Manech artzainak dauka arrai arpegia
Ez du nahi fededun izan alegia.
2
California zolan Manech duzu bizi.
Han ere, motha nasai, umen da ihizi.
Makilarekin Manech nork dezake izi?!
Hartan Debrua bera nahi luke hezi.
3
Frantzian apez gayak (Manechek entzun du)
Debruak berak nahi dituela zaindu,
Beren atherbetarik nahi-ta-ez kendu,
Eta munduko kheldar lohiaz zikindu.
4
Orduan Manechek du altchatzen makila,
Ote zango guziak chehatzen tuela,
Bethetan hasten zaio karrankaz okila,
Besainka dio botha Manechek opila.
5
Irakit errecha du Manechek odola,
Eskualdun gehienek dute hola hola.
Egiazku bakeaz duenak achola,
Detzazke othoitzean trebesak antola.
6
Huna nun gure Manech den belaunka jartzen
Eta bere moldean othoitzari lotzen.
«Zertako, Petri gisa, hain Manech sumintzen!!
«Ez duk makilarekin Debrurik garraitzen».
7
Zeinatu eta doha mendia behera
Bihotzak deramaka gizon bihotz bera!
Apez gayentzat deusik etzaio sobera...
Moltsatik atheratzen-tu ehun libera...
8
Jaun Apezpikuari baititu igorri
Apez gayentzat Manechek bortz begi gorri,
Ni hayentzat lekuko nahi nintzen jarri
Eta Manechen lana kopletan ezarri.
9
Senditzen dut bihotza arras hunkitua
Ikusiz Eskualdun bat fedeaz lantua.
Bai, izan bedi «Manech» izen aipatua!!
Eskualdun bihotzetan barna landatua.
10
Ez da bakarrik Manech fededun ageri
Da oraino mendian artzain pertsulari.
Makila bat banauka emaiteko sari,
Gogotik eremanen nioke berari.