Ama euskararen bakartasuna
Azkarate eta Otegi, Ramos
¿Nun zabiltzate, seme ederrak,
Amari eskapatuta;
¿Edan zenduten bular gozoaz
Ote zaudete aztuta?
Nai zinduzteket nereganatu
Benetan erregututa,
Zaudetelako iñudearen
Esne charrakiñ galduta.
Bular samiña edaten asi
Ziñaten zori gaistoan,
Ordu ezkeroz gauza bat onik
Ez daukazute gogoan;
Pishkabanaka sartu zerate
Deabruaren lazoan,
Adan ta Eba orrela galdu
Ziraden Paradisoan.
Iñude orrek jarri zaituzte
Guzikoak biurriturik,
¿Zer zabiltzate, ume nereak
Elkar ikusi eziñik?
Ona utzita charraren billa
Bazabiltzate nasturik
Bide orretan ez daukazute
Zuentzat salbaziyorik.
Ernio mendi oñazez dago
Zueidi begiratuta,
Ta Orreaga beti negarrez
Asabaz gogoratuta
¡Ai! Kobadonga arkitutzenda
Egiyaz minberatuta,
An dago Nabas zuen-galeraz
Errukipen bat artuta.
Errekachoak zapuztu dira
Ibayak datoz aserre,
Kantabriyako ur gazi fiñak
Orruak egiñaz daude;
Eta ni ama ¿nola naiz arki
Batere laguntza gabe,
Ikusirikan seme nereak
Beren borreruen alde?
Ama zarra ta, ama garbiya,
Negarrez iya urturik,
Zueide deika emenchen nago
Nere besoak zabalik;
Utzi nazute bildoch galduben
Gizara bakar bakarrik,
Ez dakit nola otso artean
Arkitzen naizen bizirik.
Baldiñ aurrera segi ezkeroz
Oraiñ artean bezela,
Ez det nik uste urte askotan
Bizi izango naizela;
Gauzik onenak jan dizkirate
Gertatzen naiz chit argala,
len eguzkiya baldin banintzan
Gaur ez naiz, baizik itzala.
Ez badaude nai zuben biyotzak
Amarengana makartu,
Gañean diran etsai gogorrak
¿Nork? eta ¿nola garaitu?
Obe dezute alik basterren
Guziyok nereganatu,
Bestela turmoi izugarriyak
Azpiyan artuko gaitu.