Jose Maria Zubia, Mari zeritzon gizon onoretsuaren oroitzan kantachoa
Artola, Ramon
Aspaldi ontan egun eta gau
zitzaidan biotza ari,
kanta nezala nola bizi ta
eta ill izan zan MARI;
egiyaz gizontasunak asico
zor diyolako berari,
tan au bearra dala sinistu
eta asten naiz kantari.
Itsaso zabal urdiñ ederra
goiya dezula musutzen,
umill ikusten zaitugu iñoiz
bañan gaituzu izutzen;
¿zergatik zera berdeturikan
denakin burruka jartzen?
ez dakigu guk zerengatikan
zeran orrela zakartzen.
¿Nork esan eder zauden denboran
jarririk zuri begira,
golpez artuko dezula, gero
ikusten zaizun mugira?
arraiketari chalupak ezin
jira dirala errira,
zuk jo ta milla puska agiten
frankotan ikusten dira.
Puskak jostallu gisan botaka
dabiltzanean aidean
gizon tristeak azaltzen dira
puskeriyaren gañean;
bañan ¡oh gero! ¿zer pasatzen da?
¿zer gertatutzen zaie an?
aundiyagoko golpeak jota
gordetzen ditu urpean.
Begira zagun oraiñ portura
ia zar dan an gertatzen;
amak, emazte eta semeak
denak an dira juntatzen;
eta galdutzen dabiltzanaren
berririk bada etortzen,
biotzak penaz erdiraturik
negarrez dirade jartzen.
¡Oh MARI leial on biotz utza,
aien malkoak chukatzen
zenbait alditan saiatzen ziñan
gustoz ziñala nekatzen;
aitu ordukoz chalupak nola
zebiltzan kanpoan galtzen,
ill edo bizi joanda zinduben
ango gizonak ekartzen.
Zure biotza maiz azaltzen zan
iruki arren gordean,
zeñak bulkarik gorputza jarri
eraitu zizun lanean,
non zan estura-aldi gogor bat
eta beti zu ziñan an,
anaya maite asko salbatu
oi zinduben ur gañean.
Zenbait onlako egiabide on
gertatu oi zan zugandik,
beragatikan zure oroitzik
ez da galdutzen gugandik,
zu ito arren zuk salbatubak
bizi dirade oraindik,
zere bizitza aman zenduben
aurkezten mesede aundik.
Gisa onetan bizi ziñala
allegatu zan eguna,
¡oh, zein tristea, geroztik ongi
denok gogoan deguna:
au zan, chalupak galdu zirana
aisetsu oso illuna,
ango-gizonak salbatzen zere
biziya galdu zenduna.
Aiek azkentzen zeudan denboran
ezin ibilliz igari,
azaldu ziran beren laguntzan
beste chalupa aundi bi;
¡zein zan aurretik ur mendi tontor
aien gañetan giari?
andik minutu guchira beren
azpiyan ito zan MARI.
¿Nora zijoan goi biak joaz
ur mendi aiek barrena?
¿zer zan zeraman ibilbidea?
¿zer pentsamentu arrena?
besterikan ez, penatuetaz
kupiturikan barrena,
esturan ziran lekura bera
iriztekoa aurrena.
Itsaso golpe izugarri bat
jaikirik beren gañera,
aurretik zana urez bete ta
joana izan zan gainbera
eta ondotik zanak lagunak
zitubelarik atera
non zan geiago, ikusi gabe
itoa izan zan bera.
Bere anayak salbatu naian
galtzen dubenak biziya
ordu beretik gaude daukala
zeruba irabaziya,
onen erdiyan azalduko da
omen ederrez jantziya,
gozatutzeko egin izandu
zituben lanen sariya.
Lur ontan ere oroitza bada,
ez da ontaz zer esanik,
bere ichura alcha zitzaion
otallucho bat egiñik;
ontazgain koroi berri bat orain
kantuz ustaitzen diyot nik,
zeren koroitu gabe ez deiken
utzi alako gizonik.