Erariyaren indarrak
Artola, Ramon
1
Erari maitagarriya
zugatik daukat jarriya
argumentu bat larriya;
indarra zera gorputzarentzat
kentzen dezu egarriya,
gauza estimagarriya,
bañan zauzkat igarriya
zerala engañagarriya.
2
Nik zu nor ziñan ez nekin
eta gogor nizun ekin,
fiyaturikan zurekin,
istante batez ogin zenduen
nai zenubena nerekin,
biyok gera elkarrekin,
kontuak ziran gurekin
ondoren nor zeran jakin.
3
Batek lezake espero
ondotxo eran ezkero,
jarriko dubela oro;
lotsagarri ta lotsarik gabe
ibilliko dala gero,
korajetsu eta bero,
non nai egiñaz aldero,
modu txarrian biziro.
4
Indarra erariyak du
ezin litekena neurtu,
gizona lezake aurtu;
ustez tamañan bein eran eta
ninduen oso moskortu,
itzegin ezin ta gortu,
bista zitzaidan laburtu,
tratu on bat nuben artu.
5
Gustora eran banuben
ondoren pagatu nuben,
deskalabratu ninduben;
nere ondotik pasa zan batek
galdetu ziran nor nuben,
ia miñen bat al nuben,
nondikan sentitzen nuben,
planta onen bat jo nuben.
6
Nai ezdubenak oroitu
eta ondoren eritu,
kontuz eraten aritu;
erari klase guztiyak bere
espirituak baditu,
gure txintxurrak nai ditu
gustoz eraten baititu
naiz gero berak zatitu.
7
Mudatzen gaitu eranak
mundu onetan geranak
pruebak daduzka emanak;
jeniyo txarrak ondutzen ditu,
bai ere gaistotu onak,
aztu orduan esanak,
eta egindako lanak
naiz gero damutu danak.
8
Nere moduan beste bi
ezanak sobra erari
bueltaka ziran erori,
altxatu nai ta eziñ alxarik
loitan zebiltzan igari,
jarri ziran guri guri
kasik etziran ageri
eran baizuten ugari.
|