Etorkizuna
Arrese ta Beitia, Felipe
Iragokoa irago ziñan,
Baña betiko irago,
¡Ay! ezagutu nik bazindudaz
Irago baño lenago;
Iragoaren biurtuterik
Ez dodalako geiago,
Etorkizunaz bildurrez larri
Eta ikaraz chit nago,
Enazalako etorkizunaz
Kontuan jausi gaurdaño.
Etorkizunak, etorkizunak,
¡Zelan ninduan poztuten!
Mendi gañeko zelai eder bat
Au jatan begitanduten,
Etorkizuna loraz jantzirik
Baneban bere ikusten,
Etorkizunaz sinislari au
Banintzan bere poztuten,
Etorkizunaz desengañauta
Naz baña gaur esnatuten.
Ezkutau eustan etorkizunak
Bere eguzki argia,
Estaldu eustan etorkizunak
Bere gois zoragarria,
Ostendu eustan etorkizunak
Uda barriko arpegia,
Gorde betiko etorkizunak
Icharopen on guztia,
Len pozgei jatan etorkizuna
Oraiñ jat illungarria.
Jayoa doa koskonduagaz
Lenengo ainbat urtean,
Gaztea bere goruntz igoaz
Bizitzan aldats latzean,
Piesta zaleen gisan zantzo ta
Uju-ujuka bidean,
Etorkizun bat alegerea
Topetea ustez gañean,
Ames egiñaz biziteko ondo
Gora elduten danean.
¡Ai! igo neban nik bere gora
Baña ez topau zelaitza,
Ezpada ota sastraka asko,
Nartzea eta arantza;
Billatu neban mendi guena
Zelayen ordez zorrotza,
Poztu ninduan etorkizuna
Zan iduri uts, zan bitza,
Iduri utsa, bitza, amesa
Dalako gure bizitza.
Zartu egin dan guziak deutsa
Mendi orri igo gañera,
Baña atseden nun ez topaurik
Jarrai bear da aurrera,
Eguerdia artuagaz bat
Eguzkiaren antzera,
Gizona bere iragoten da
Bizitzan arratsaldera,
Etorkizuna joan ezkero
Baña ez dator atzera.
Atzea edo oste aldea
Gelditzen jaku gauturik,
Etorkizunak ezin dabela
Araño bota argirik,
Eguzki onek iges eginda
A geratu zan illunik,
Irago ezkero bide artatik
Aurreruntz baten bakarrik,
Ate sendoaz geratuten da
Bein ta betiko ichirik.
Zarturik nago arratsaldeko
Eguzkiaren antzean,
Aurkietan naz beeko zokora
Laster jo ta eldu bearrean,
Eriotzea jabetua da
Irago dodan bidean,
Etorkizunak erakusten deust
Obi sakon bit aurrean,
Etorkizunak nora daroan
Orra gizona azkenean.
|