Herri-bitartea
Aresti, Gabriel
Ezkutatu ginen gaztelu gaitz batean.
Maitaleak ziren etzan ohe berean,
baina guk ezkenuen bekaturik egin.
Gure oneriztea eztator haragitik;
larruko orduetan ezda gauza politik.
Bakarrik nai genuen egon elkarrekin.
Herri-bitarteko alkate nagusia
etorri zitzaigun; senideen hauzia
ekarririk: Baneunkan judizio berria.
Berekin zetortzan: arotza, igeltserua,
zapataria ta baita erlojerua,
lege-gizona eta errementaria.
Bakoitza jezarri zen kadira batean:
Lege-gizona ta alkatea ezkerrean,
apaiza, dendaria, berriz, eskumatik.
Esan nien: Jaunak! Abere-tratuetan
bazatorzkidate, esanen dut benetan:
Eznaiz merkataria, eztut erosten nik.
Agure-biltzarrak mandatari, honera
bidaldu grauzkitzu, zerorri galdetzera
Jainkoaren semea egiaz bazara.
Eztut inoiz ere esan horrelakorik,
baina munduetan gizon gertuagorik
kausituko eztuzue, ez joan aurrera.
Apaiza altzatu zen berehala hasarrez.
-Birao egin baitu-, esanik deiadarrez,
-apurtu behar ditut ene soinekoak.
Gero niri esan zidan: -Zeruetako
ateak eztira ideki zuretzako.
Zure ugazabak dira jaungoiko faltsoak.
Errege bazara, edo Jaungoikoa;
zure predikua mundu honetakoa
ezpada, orain bertontxe esan behar duzu
zure potereak, gizon-gainditasunak,
eman nork zizkitzun. Eta nire erantzunak
gutxi tardatu zuen: Ez nik, zuk diozu.
Gero altzatu zen lege-gizon maltzurra.
Hortzak irriturik, egin zidan agurra,
sakon sartu zidana barnean ziria.
-Eztago jainkorik legearen aurrean,
eta gizon batek egiten duenean
hogenik haundiena ezta miraria.
-Preso omendaukazu gaztelu gaitz honetan,
dorre meharrean, dontzella guztietan
hoberena, ederrena, neska garbiena.
Haren ahaideek hauzia dakartsue;
judikatu gabe kondenatu zaitue;
behar duzu laguntza, aiskide batena,
-Etor bitez orain honera lekukoak;
hontaz piedatea euki beza Jainkoak.
Preso dagoenaren betorzkigu ilobak.
Zetortzan: Sei ziren, sei aingeru dotore.
eta etzidaten eman ezein amore.
Hain antza dohatsurik etzeukan izebak.
-Ohostu zenuen gure izeba maitea.
Egun hauetako baratzaren tristea!
Eztaukagu jadanik norekin jokatu.
Han egin digunak merezi du hiltzea.
Ezta gauza erreza beroni barkatzea,
osin ilun batean hamildu baikaitu.
-Probuak itzazu presenta zure alde.
Perpausa guztia izanen da debalde;
epaia eman gaberik kondenatu zara.
-Galdetzen bazaio andregai nireari,
berak esanen du zergatik, hegalari,
ihes egin genuen gaztelu hontara.
-Gurutze batetik zintzilik hil artean
josiko zaitugu biharko goizaldean,-
mintzatu zen hozenki epai-emalea.
Etzaitezen egon bakarrik tormentuan,
beste aldetikan josiko dugu orduan,
burnizko lokarriez, zure maitalea.
-Geiegi duk, Jauna, ene oneriztea;
bildurgarria duk, ezain, heriotzea,
indak indar haundia, ahul duk usoa!
-Aingeru guztien bizitegi erdian,
aitaren aurrean, biharko eguerdian,
izanen naiz betiko zure esposoa.
Gure gorputz argalak
desegindu ziren,
leze batera
astiro jatsi
baikinen.
Bizkarrean
gurutze hura
biok eraman
genuen.
Gure gorputz argalak
desegindu ziren.
Arbola artez zuzena,
gurutze pisua.
Beti betiko
izanen zara
gurtua.
Seinalea,
ezaugarria,
oroitarria,
leinua.
Arbola artez zuzena,
gurutze pisua.
Imajina bakarra,
santa biribila.
Zeure izenean
eginen dira
eun mila
bidegabe
eta ezpataz
hutsituko da
magina.
Imajina bakarra,
santa biribila.
Zutirik dago gurutzea;
hurbildu zaigu hiltzea.
Gure oinetan algaraka arinki doa jentea,
gure aurrean
dagoenean
presente heriotzea.
Gaurko goizean borreruak
zabaldu ditu zeruak.
Hauk dira nire suin-erranak, nire erreinuko primuak.
On deritzaiet.
Mandatu haiek
lotu zituzten munduak.
Nire juboia ta alkandora,
galtza luzeak ta fraka,
Mirenen gona zetazkoa eta, atorra, polita:
Ebatsi dute,
oostu digute
gure jantzia barreka.
Apostoluak eztoazi
niregandikan ihesi,
nik esandako kantikarik inork ezpaitu ikasi.
Hainbat amore,
hainbat fabore,
ezta sekula ikusi.
Nire bularrak urraturik,
geratu nintzen bakarrik.
Asmo onetako hondamendi hontan eztaukat zergatik
iraun geiago.
Arima dago
gorputza kendu nahirik.
Maitaleari esan nion:
-Neska maitea, zer dion?
Heriotzeko orenean, bekar Jainkoak egun on.
Bildur, herabe;
erantzun gabe,
bera isilik zen egon.
Hatsa zitzaidan aienatu,
hodeiak ziren urratu.
Inor munduko hondarretan ezta hainbeste erratu.
Nire gainean,
nire atzean,
guztia zen akabatu.