Euskaldunaren hazia
Aresti, Gabriel
Istiletan gelditutako ura
sarri usteltzen da.
Gizonaren haziak
hamar mila urte
behar du
lur-pean,
bar-zuloetan,
kobetan...
Gero,
lur-gainera jalgirik,
beste bir-milatan
dirau
kutsaturik...
eritasunean...
Hala gertatu da
euskaldunaren hazi
ahularekin,
Basondotik
Lumora...
Arestiarron leinuan
hainbeste biktima inozent
bereganatu
duena:
Ene amona gaizkoatuak,
izeba liluratuak,
haurride ezinduak,
alaba urrikariak...
Oro da kemena, bizitasun
bortitza;
eta besterik gabe
barrenetik jotzen gaitu
mailuak...
Ehuneko honenbeste ikaragarri
honek
ikaratzen nauenaren
ikararen
ikara!
Kromosoma eriak,
jene kiratsak,
hazi ustela,
odol kutsatua!
Maradikatua izan bedi
unibertsal-negatibotasun
hau,
eta hura sublimatu nahi
duten
ero
etoiak!
|